Kosovo

Hogeitabi hildako eta 500 zauritutik gora eragin ditu dagoeneko albaniar eta serbiarren arteko borrokak

Dagoeneko hogeitabi pertsona hil eta 500 inguru zauritu dira atzo Kosovoko Mitrovica eta beste hirietan bizi diren serbiarren eta albaniarren arteko borroketan. NBEko polizia iturriek jakinarazi dutenez, 1999an gerra amaitu zenetik izan diren borroka gordinenak dira atzokoak. Derek Chappell NBEko polizien bozeramaileak adierazi duenez, zaurituen arten NBEko 48 polizia daude. Serbiarrak "seguru bizi daitezen, Kosovoren barruan lurralde autonomoa" eskatu du Belgradek, Mitrovicako isltiluen ondoren.

2004ko martxoaren 18a
12:09
Entzun
Azken lau urteotako gatazkarik larrienak gertatu dira azken bi egunotan Kosovoko hirian. Zaurituen artean NATOren indarreko 11 soldadu frantziar daude. Serbiarren arabera, nazioarteko indar militarraren hainbat ibilgailu erre zituzten Caglavica herrixkan. Atzo gauean, lasaiatasuna nagusitu zen Mitrovican serbiarrak gehiengo diren auzoetan (iparraldea), baina manifestazioak jarraitzen zuten albaniarrak nagusi diren hegoaldean.

Bi komunitateen arteko istiluak asteartean hasi ziren 18 urteko serbiar bat auto batetik tirokatu eta hil zutenean Caglavican. Horren ondoren, hiru gaztetxo albaniar hil ziren itota Mitrovica erdibitzen duen ibaian. Serbiarrak gazteei zakurrekin jazartzen ari zitzaizkiela diote albaniarrek. Caglavican aurrez aurrekoak izan ziren, eta serbiarren hainbat etxe erre zituzten. Polje herrian hil arte egurtu zuten serbiar bat. Ljipljan, Gnjilane eta Prizren eta Pec herrietan Kosovora berriki itzulitako serbiarren etxeak kiskali zituzten.

Eskualde autonomoa serbiarrentzat

Istilurik larrienak, halere, Mitrovican gertatu ziren. Serbiarren eta albaniarren hiri zatiak lotzen dituen zubiaren inguruan izan ziren borrokak. Nazio Batuen Erakundeko soldaduek zubia blokatu zuten. Albaniarrak zubia igarotzeko saio egiten zuten bitartean tiroak izan ziren, eta granada bat lehertu zen. Lau albaniar eta bi serbiar hil ziren aurrez aurrekoan.

Gertaeren ondoren, Kosovo kantoietan banantzeko eskaera berretsi zuen Vojislav Kostunica Serbiako lehen ministroak. Kosovon "albaniarrak ez direnentzat lurralde autonomia motaren bat", eskatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.