François Hollande (PS) Frantziako presidente hautatua hilaren 16an elkartuko da Angela Merkel Alemaniako kantzillerrarekin, Pierre Moscovici Hollanden kanpainako zuzendariak atzo iluntzean iragarri zuenez. Alemaniara joango da Hollande, AEBetara bidaia egin aurretik —hara Barack Obama presidenteak gonbidatuko du—.
Lankidetzarako prest egon arren, Europako itun fiskala aldaezina dela ohartarazi zion atzo Alemaniak Frantziako presidente berriari.
Kargua hilaren 15ean hartuko du Hollandek, eta atzo aurreratu zuenez, egun horretan jakinaraziko du zein izango den lehen ministro.
Atzerrira hainbat bidaia prestatzen ari da dagoeneko Hollande; G-20ren hurrengo bilerara edo NATOko goi bilerara joatekoa da, besteak beste.
"Haientzat garrantzitsuak diren gaiak aurkeztu nahi dizkidate, eta nik horiek entzun egin behar ditut", esan du.
Gaur goizean Hollande eta Nicolas Sarkozy (UMP) elkarrekin izan dira Bigarren Mundu Gerraren amaiera gogora ekartzeko Parisen egin duten ekitaldian.