Mohamed Merah hil ondorengo orduetan, François Hollande Frantziako presidentetzarako hautagai sozialistak zalantzan jarri du haren zaintzarako hartu ziren neurriak. Hauteskunde kanpaina berriro abiatuta, Hollandek esan du beharbada "hutsegiteak" egon zirela Merah zaintzerako orduan, eta "kontu batzuk aztertu" egin beharko direla.
"Egia da hiltzaile horrek, Merahk, bi bidaia egin zituela, lehenengoa Afganistanera 2010ean, eta beste bat Pakistanera, 2011n, turismoa egitera zihoala esanda. Kontrol zorrotzagoak ezarri behar dira herrialde batzuetarako bidaietan", adierazi du Hollandek, kanpainako mitin batean.
Frantziako Gobernutik erantzuna eman diete azken orduetako kritikei. Hilketak egin aurretik "ez zegoen tresnarik Mohamed Merah harrapatzeko", François Fillon Frantziako lehen ministroaren ustez. Haren arabera, legediak ez du onartzen "deliturik egin ez duen eta epailearen irizpenik ez duen norbait etengabe zaintzea".
Zerbitzu sekretuek euren lana "ezin hobeto" egin zutela azpimarratu du.
FBIko 'zerrenda beltzean'
AEBetako inteligentzia zerbitzuetako kide anonimo batek CNN telebista katean azaldu du Merah FBIren 'zerrenda beltzean' zegoela, eta ondorioz, debekatuta zuela AEBetara zihoazen edo AEBetatik irteten ziren hegaldietan igotzea.
Inteligentzia zerbitzuetako kideak argitu du zerrendan sartzeko arrazoia Merahk Al Qaedaren entrenamendu kanpamendu batean parte hartu zuela izan zela.