François Hollande PSko Frantziako presidentegaiak ohartarazi du herrialdeko enpresa handiek hauteskundeetako bigarren itzuliaren ondotik langile ugari bidaliko dutela kalera, eta ez orain, kanpainan, ustez Nicolas Sarkozy UMPko hautagaiak agindu dielako kaleratzeak geratzeko.
"Erabakiak hartuta dituzte", esan du Hollandek. Enpresa handiei jakinarazi nahi izan die PSk aurre egiteko asmoa daukala. Besteak beste, haientzat zergak igotzeko proposamena dutela azaldu du. Gutxieneko soldata igotzeko asmoa ere badu.
Igandean izan zen Frantziako presidentziarako hauteskundeetako lehen itzulia, eta Hollande izan zen hautagairik bozkatuena, %28,63ko babesarekin. Sarkozyk %27,18koa erdietsi zuen. Maiatzaren 6an izango da bigarren itzulia.