Europako juduek -baita eslaviarrak, ijitoak, komunistak eta homosexualek ere- II. Mundu Gerran, Alemaniako erregimen naziaren eskutik jasan zuten holokaustoa eztabaidagai dute atzotik Irango hiriburuan hasitako nazioarteko konferentzian. Holokaustoaren ikerketa, mundu osoko ikuspuntu batetik izena duen ekitaldia Irango Atzerri Ministerioaren Nazioarteko Institutu Politikoak antolatu du. Bilkuran holokaustoaren hainbat ukatzaile ere parte hartzen ari dira, baina baita judu batzuk ere, hain justu Israelen izaera onartzen ez duten eta sionismoaren aurkakoak diren Neturei Kartako kide batzuk, hala nola Vienako rabino Moshe Fridman. Munduko 30 bat herrialdetako 67 hizlari bildu dira orotara.
Bilkuraren helburua honela azaldu zuen Irango Atzerri ministro Manushehr Mottakik: «Xedea ez da holokaustoa izan den ala ez den izan trenkatzea, bai, ordea, gogoetalari eta ikertzaileei euren iritzia azaltzeko aukera ematea, horrelakorik ez baitzaie zilegi Europan». Irango presidente Mahmud Ahmadinejadek behin eta berriz zalantzan jarri du juduen holokaustoa, eta horren haritik hau erantsi zuen Mottakik: «Presidenteak eginiko galdera hau zen: holokaustoa gertaera historikoa bada, zergatik ezin da aztertu?». Azterketa hauek egiteko eta «holokaustoaz egin daitezkeen galderei erantzuteko, nazioarteko pentsalari eta aditu andanaren topagune» gisa aurkeztu zuen konferentzia.
HOLOKAUSTOAREN UKATZAILEAK. Teheranek «aditu eta pentsalari» gisa aurkeztutakoen artean holokaustoaren beraren ukatzaile gisa ezagunak diren batzuk daude. Adibidez, Frantzian behin eta berriz auzitegiek kondenatutako Robert Faurisson unibertsitate irakasle ohia. Teheranera iristean, hau esan zuen Faurissonnek: «Ahmadinejad presidenteak esan duen bezala, holokaustoa mito bat da, hots, oro har faltsua den kontu bat, baina jendeak egia dela uste duena. Teheranera etorri naiz, Mendebaldean debekatzen diguten kontu batez hitz egin dezakegulako».
Bilkurako kideen artean daude ere Fredrick Toeben australiarra eta AEBetako diputatu ohi David Duke. Holokaustoa ukatzeagatik Alemanianpreso egona da Toeben; Duke, berriz, Ku Klux Klan talde arrazistako kidea da.
Konferentzia egitea gogor salatu dute AEBek, Alemaniak, Frantziak eta NBEko idazkari nagusi Kofi Annanek, besteak beste. Israelek «okaztagarri» iritzi dio.
Holokaustoaren ukatzaileak haren gaineko nazioarteko bilkuran, Iranen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu