Homsen (Siria) giza eskubideen urraketak gertatzen direla baieztatu dute Arabiar Ligako behatzaileak, baina ez dute esan urraketa horiek autoritate ofizialek edo "talde terroristek" egindakoak diren, gaur ligako iturriek esan dutenez.
Atzo heldu ziren Homsera behatzaileak, eta gaur telefonoz jarri dira Arabiar Ligako egoitzarekin harremanetan, telefonoz —Kairon (Egipto) du erakundeak egoitza—. Homs da Siriako errepresioa gehien jasan duen hiria
Dozena bat lagunek osatutako taldea bidali du Arabiar Ligak Siriara, Sudango jeneral Mohamed Ahmad Mustafa Dabi buru dutela. Gobernuarekin hitzartutako bide orria betetzen ari diren ziurtatu behar dute behatzaileek datozen asteetan; borrokak amaitzea eta armada kaletik ateratzea biltzen du, besteak beste, akordioak.
Siriak odol delitu akusaziorik gabeko 755 preso askatu ditu gaur. Azkenaldiko protestetan parte hartzea egozten zien.
Siriak hiru lagun hil ditu Libanon, mugatik gertu
Siriako armadak hiru lagun hil ditu bart Libanon, mugatik oso gertu, tiroz. Familia bereko kideak dira hildakoak, eta auto batean zihoazela jaso dituzte erasoa, Akkar eskualdean.
Jaled Daher diputatuak esan du siriar soldaduak Libano barruan sartu direla, eta herrialde horretatik egin dituzte tiroak.
Sirian bertan zortzi lagun zendu dira borroketan; hain zuzen, Damaskon, Homsen eta Idliben. Haietatik zazpi soldaduak dira eta bat zibila.