Homsen inoizko bonbardaketa gogorrenak egin ditu Damaskok

Azken bi egunetan 150 lagunetik gora hil dituztela salatu du oposizioak; Al-Assadek «terrorista armatuei» egotzi die indarkeriaMoskuk dio Sirian etorkizuna kanpoko esku hartzerik gabe erabaki behar dutela

2012ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Baxar al-Assad Siriako presidenteak herrialdeko gatazka konpontzeko elkarrizketarako eta kooperaziorako prest dagoela iragarri eta biharamunean armadak erasoak indartu ditu Homsen. Oposizioaren gotorleku nagusietakoa da hiria, eta bonbardaketa geroz eta gogorragoak egiten ari dira;hainbat auzo erabat setiatu dituztela salatu du oposizioak. Sarraskiaz mintzo dira: azken bi egunetan 150 lagun baino gehiago hil dituztela diote, eta erregimenaren xabihak —paramilitarrak— gauez oposizioko hainbat kideren etxeetara sartu direla eta gutxienez hogei lagun tiroz hil dituztela.

Erasoak bereizi gabe egiten dituztela salatu du Bab al-Amr auzoko bizilagun batek. «Auzoko etxe guztiak armadaren jomuga dira. Zortea behar da bertatik bizirik ateratzeko». Lekukoen eta Sirian diren kazetari bakanen arabera, herritar guztiak etxean sartuta daude erasoen beldur. Hiriko teilatuetan diren frankotiratzaileengandik ere ezkutatu behar dutela salatu dute. «Histeria eta etsipena» nagusi direla kontatu du Paul Wood BBCko kazetariak, Homsen baitabil. Zurrumurruak etengabeak direla dio, eta gertatzen ari dena egiaztatzea ezinezkoa dela. Hain zuzen, Homseko ospitale batean hemezortzi haur jaioberri hil direla jakinarazi dute oposizioko iturriek, argi mozketen ondorioz inkubagailuak funtzionatzeari utzi diotelako. Gobernuak, baina, gezurra dela adierazi du, eta Homseko ospitale guztietan «normaltasunez» ari direla lanean.

«Terrorista armatuek» petrolio findegi bati misilekin eraso egin diotela salatu du gobernuak, eta bonba-auto bat leherrarazi dutela Al-Bayada auzoan. Hiriko beste zenbait auzotan erasoak egin izana ere leporatu die, eta hainbat zibil nahiz soldadu hil dituztela dio. Homsen atzerriko babesa duten «talde terroristak» daudela adierazi du erregimenak, eta «segurtasuna eta egonkortasuna» berreskuratu arte erasoekin jarraituko duela.

Horrez gain, Damaskotik 30 kilometrora dagoen Zabadani hirian ere armadak bonbardaketak egin dituela salatu du oposizioak, eta azken bi egunetan, gutxienez, hamar lagun hil dituztela.

Libiako esku hartzea gogoan

Herenegun Damaskon Al-Assadekin bildu zen Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroa, eta bileraren ondotik Siriako presidentea erreforma demokratikoak egiteko prest dagoela adierazi zuen. Atzo, oposizioaren eta gobernuaren arteko elkarrizketak hastea eskatu zuen Lavrovek. Horretarako, oposizioko erakundeekin harremana duten herrialdeek negoziazioak hasteko presio egin behar dutela adierazi du, berriz, Vladimir Putin presidenteak.

NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluan Siriaren aurkako ebazpenari betoa emateagatik jaso dituen kritikei gogor erantzun die Moskuk. Indarkeria gaitzetsi du Putinek, «datorren tokitik datorrela», baina siriarrek euren etorkizuna erabaki behar dutela berretsi du. Nazioartetik lagundu diezaieketela dio, baita gomendioak eman ere, baina «inolaz ere ez esku hartu». Izan ere, Libian gertatutakoa Sirian errepikatzea saihestu nahi du. «Libian krimen ikaragarriak egiten ari dira», esan du Errusiako lehen ministroak. Txinak ere bere burua defendatu du betoa emateagatik jaso dituen kritika gogorrak direla-eta, eta gatazkari konponbide politikoa emateko ordezkari bat bidaltzea aztertzen ari dela jakinarazi du.

EB Europako Batasunak, bestalde, Sirian dauden Europako herritarrak ateratzeko plana egin du, egoerak okerrera egin dezakeelakoan. «Beharrezkoa bada», diplomazialariei nahiz gainontzeko europarrei ateratzen lagunduko dien talde bat bidaliko dute Damaskora. Alain Juppe Frantziako Atzerri ministroak, bestalde,Al-Assaden kontra egin du: «Parisek ez ditu sinesten Damaskok Moskuren aurrean elkarrizketarako eta kooperaziorako hartu dituen konpromisoak».

Navi Pillay NBEko giza eskubideentzako goi mandatariak, berriz, Sirian giza eskubideak urratu direla esateko arrazoiak badirela azaldu du. Segurtasun Kontseiluan ebazpena onartzeko saiakerak huts egin izanak errepresioa areagotu duela ere adierazi du.

Negoziatzeko beranduegi

Bestalde, oposizioko Siriako Kontseilu Nazionalaren ustez presidenteak erreforma demokratikoak ezartzeko egin dituen promesak «ez dira nahikoa». Erbestean den Kamal al-Labwani oposizioko kidearen esanetan, ezinezkoa da Al-Assadek agintean jarraitzea herritarrak bonbardatu eta gero. Negoziatzeko beranduegi dela dio.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.