Zelayak 4x4 zuri batean egin zuen Managuatik Hondurasko mugarako ibilbidea. Ondoan zituen Venezuelako kantziler Nicolas Maduro, Eden Pastora gerrillari sandinista ohia, gobernukide batzuk eta hamaika kazetari, urratsez urrats egiten ari zena jarraitzen. Denak karabanan.
Tegucigalpatik Nikaraguako mugara ere autobusak eta auto partikular asko jarriak zeuden errepidean duela bi egunetatik. Poliziak eta militarrak muga inguruko errepide nagusietan eta bigarren mailakoetan zeuden. Poliziak ibilgailuak geldiarazten zituen eta militarrek miatzen zituzten. 50etik gora atxilotu zituzten Las Manos mugara doan errepidean, Rafael Alegriak emandako datuen arabera. Via Campesinako buruzagia da bera.
Las Manosera doan errepidea zen kontrolatuena. Atzo Estelin egon ziren, mugatik 149 kilometrora, eta gaua han egin zuten. Handik Somoto hirira joatekoak ziren, eta Zelayak esana zuen handik igaroko zela, baina ez zuen baztertzen ibilbidea aldatzea. «Guatemalako puntu bat, El Salvadorko bi eta gordeta dauden beste bide batzuk aztertzen ari dira», azaldu zuen Victoria Rodasek, Hondurasek Nikaraguan duen enbaxadako ordezkariak.
Muga inguruko herrietan etxeratze agindu berezia jarri zuten segurtasun indarrek: 18:00etatik 06:00etara bitartean. Gainerako lekuetan, 00:00etatik 04:30ra. Agindu hori errespetatzen ez duenak zigorra izango du, eta horren erantzule Manuel Zelaya bera izango da: «Ezin dugu arduratu jendearen segurtasunaz, indarkeria sustatzeagatik herrialdean; erasotzeko prest dira, euren alderdikideei ere bai, martirrak sortzearren». Adierazpen horiek Zelayari erantzunez egin ditu Romeo Vazquez jeneralak. Zelayak Vazquezi leporatu dio erantzukizuna berari zerbait gertatuz gero. Vazquezek krisi politikoan zerikusi handia izan du, bera izan baitzen Zelayak zituen erreferendum asmoak zapuztu zituen goi kargudunetako bat; Michelettiren ondokoa krisia hasi zenetik eta kolpea eman zutenez gero.
Herrira itzultzeko neurririk har ez zezaten galdegin zien Zelayak militarrei, «bere fusilak herriak aukeratu zuen autoritatearen mende jar ditzatela». Kargua berreskuratutakoan, militarrek egindakoa ordaindu beharko zutela mehatxu egin zien.
Micheletti gogor
Michelettik irmo jarraitzen du, eta atxilotzen badute gutxienez hamabost karguri aurre egin beharko diola esan du. «Legez kanpokoa litzateke delituak izanda ez atxilotzea, eta legea errespetatu behar dugu». Zelaya mugara iristen denean gertatu daitekeenaz jabetu, eta Hondurasen sartzeko saiakera bertan behera uzteko exijitu dio Michelettik, baina Zelayarentzat hura ez da nor berari ezer eskatzeko.
Bigarren aldia zuen Zelayak Hondurasera sartzen saiatzen zela; lehenengoa hilaren 4an izan zen, baina Venezuelak utzitako hegazkin batean lur hartzen saiatu zen alferrik hiriburuan. Hura hartzera joan ziren aldeko eta kontrako herritarren artean tirabira eta borroka gogorrak egon ziren, aireportuan, militarrak tartean, eta pertsona bat hil zuten.
Nazioarteak bizkar eman dio Michelettiri, eta Zelayak presidente kargua berreskuratu behar duela diote, edo ia denek, gobernu berriak hainbat herriren sostengua duela baieztatu baitu La Tercera egunkarian. «Ez noa esatera nork babestu gaituen, baina laguntza emateko prest direla esan digu hainbat gobernuk».
Kolpistak negoziazio plana aztertzen ari dira
Oscar Ariasen San Jose deklarazioa estatuen botereen esku utzi dutela berretsi du Roberto MichelettikA.M.
Roberto Micheletti estatu kolpez jarritako presidenteak Oscar Arias bitartekariaren San Jose deklarazioa onartuko luke «Manuel Zelaya presidentea ez den beste edonor» presidente jarriko balute, baina hori bere esku ez dagoenez, Hondurasko egungo botereek erabakitzen dutena egingo duela esan du. Auzitegi Gorena, Kongresua, Ministerio Publikoa eta Hauteskunde Epaitegi Gorena proposamena aztertzen ari dira, Oscar Matute Gobernuko idazkariak esan duenez.
Zelayaren negoziazio batzordeak bertan behera utzi zituen elkarrizketak Michelettiren batzordeak Ariasek proposatutakoa onartu ez zuelako.
Nazioarteko presioa
Nazioarteko ordezkariek ere ez dute amaitutzat eman nahi Oscar Ariasek abiatutako negoziazio prozesua. EB Europako Batasunak bi aldeei dei egin die egoeraren larritasuna kontuan har dezaten, berriz ere negoziatzen hasteko. Atzo bertan onartu zuen EBk Hondurasi diru laguntzak izoztea, egoera aldatu arte. Jose Miguel Insulza AEE Ameriketako Estatuen Erakundeko idazkari nagusiak ere San Jose deklarazioak bide gehiago egin behar duela uste du, alternatiba bat aurkitzen hasi baino lehen.
Fidel Castro Kubako agintari ohiak, berriz, Washingtoni akusatu dio Hondurasko kolpistei babes eman izanaz, eta Oscar Arias negoziatzen jartzea «ondo pentsatutako maniobra» da kolpistek denbora irabazteko eta Honduras bere egiteko.