Paretetan agertzen diren ikur naziak ez dituzte ezabatzen Berlingo zenbait lekutan. Pintura hartu eta pareta berriz margotu beharrean, grafiti bereziak egiten dituzte svastiken gainean.
Duela hilabete gutxi hasi ziren halako irudiak egiten eta hormetan eta sare sozialetan #PaintBack (berriro margotu) traola erabiltzen. Die Kulturellen Erben elkarteko kidea da Ibo Omari berlindarra, eta grafiti denda bat dauka hirian. Orain hilabete batzuk, gizon bat joan zen dendara, esprai poto bat erostera. Alboko parkean semearekin zebilela ikusi zuen bandera nazi bat ezabatu nahi zuen gizonak.
Lasai egon zedila esan zion Omarik gizonari, elkarteko kideak arduratuko zirela ikurra paretatik kentzeaz. Esan, eta egin. Bandera nazia zegoen lekura joan, eta euli bat marraztu zuten elkartekoek, svastikaren forma baliatuta. Hala sortu zen #PaintBack.
Ordutik, dozenaka ikur nazi margotu dituzte berriro, era guztietako grafitiekin. Egin izan dituzte hontzak, untxiak, loreak, sudokuak... Alemaniako beste zenbait hiritara zabaldu da, eta sareetan zein hormetan #PaintBack traola erabiltzen dute marrazkiak ekimen beraren parte direla adierazteko.