Hotz bolada

Hotz boladak 35 hildako utzi ditu Europan

Ipar poloko haizearen eraginez hotz bolada handia bizi da azken egunotan Europa gehienean, eta hainbat kalte eragin ditu: leku askotan –Euskal Herrian bertan— traba handiak eragin dituzte izotzak eta elurrak joan diren egunetan, baina horrez gain, 35 bat pertsonaren heriotza eragin du. Polonia, Italia eta Erresuma Batua dira hotz boladak gehien zigortu dituen lekuetako batzuk.

2005eko abenduaren 31
17:07
Entzun
Euskal Herrian azken orduetan epelera egin duen arren, Europako leku askotan azken 48 orduetan hotz izugarria izan dute. Polonian, adibidez, 22 lagun hil dira azken bi egunetan hotzaren ondorioz, eta, Italian, berriz, 5 zenbatu dituzte.

Gainera, izotza eta elurra pilatu dira estatu askotan, eta eragozpen handiak sortu dituzte garraio sare guztian.

Erresuma Batuan, adibidez, azken hamar urteetako abendurik hotzena izan dute aurtengoa. Suitzan, urteko gaurik hotzena izan dute bart: zero azpiko 35 gradu zentigradutara iritsi dira termometroak. Florentzian (Italia) elurra ikusi dute 20 urtean lehen aldiz. Halaber, Txekiako Errepublikan, Kroazian, Austrian eta Hungarian gogor astindu ditu hotzak.

Esan bezala, Euskal Herrian epelera egin du azken orduetan, baina Espainiako Babes Zibileko zerbitzuak Hego Euskal Herrian berriro elurra egin dezakeela oharrarazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.