Hotzak arazo larriak eragin dizkie milioika laguni Txinan eta Errusian

Txinan, bizi-baldintza gogorrak jasaten ari dira 3,8 milioi herritar; Errusian, argindar sarea etenda egon da

Erredakzioa
2011ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Hotzak arazo larriak eragin dizkie egunotan milioika herritarri ipar hemisferioan. Txinan ari dira, baina, bizi-baldintza gogorrenak jasaten; 3,8 milioi herritarri baino gehiagori eragin dizkie kalteak. Tenperatura hotzek lagun baten heriotza eragin dute, eta hormatu diren euriek 58.000 lagun inguru etxetik alde egitera behartu ditu. Txina hegoaldeko bost probintziatan izan dira kalte handienak; Chongqing, Guizhou, Hunan, Jiangxi eta Sinchuanen. Aro gaiztoaren ondorioz, 1.200 etxe baino gehiago txikituta geratu dira eta 6.000 eraikinek baino gehiagok kalteak izan dituzte. Izotzaren eraginez, era berean, 142.400 hektarea uzta suntsituta geratu dira. Ororen buru, eguraldi hotzak dagoeneko 155 milioi euro inguruko galera eragin duela jakinarazi du Txinako Arazo Zibiletarako Ministerioak.

Errusian, berriz, joan den abenduaren amaieran pairatu zenarekin alderatuz egoerak hobera egin badu ere, arazo handiak daude oraindik, batez ere argindar horniketan. Hala, Larrialdi Egoeretarako Ministerioak zehaztu du erdialdeko eskualde federaleko —Moskuko eskualdeko— ia 8.500 herritar argindarrik gabe daudela oraindik. Arazo bera izan dute Smolensk eta Tverko eskualdeetan; han, ostera, argindar sarea berriz martxan dela adierazi du ministerio honek plazaratutako agiri batean. Argindarra garraiatzen duten linea ugari eten ziren iazko azken astearen amaieran, tenperaturak zero azpitik izanik eta egun haietan eurite handiak izan ondoren horma egin zuelako.

Okhotskeko itsasoa

Errusiako ekialde muturrean, Okhotskeko itsasoan, berriz, hormen artean harrapatuak diren lau ontziren salbamendu lanek jarraitzen dute. Atzo, hain zuzen, Makarov almirantea ontzi horma-hausleak Mys Elisavety 500 bidaiari dituen laketontzia hormetatik askatzea lortu zuen. Oraindik, baina, beste hiru barku hormen artean harrapatuta daude. Salbamendu lanetan aritu denontzia bera ere, Magadan, izotzean harrapatuta geratu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.