"Gaur, martxoaren 5eko arratsaldeko laurak eta hogeita bostetan [22.00ak Euskal Herrian], Hugo Chavez Frias komandantea hil da". Nicolas Maduro Venezuelako presidenteordeak, agintarien kupulako kideek inguratuta, Chavez presidentearen heriotza jakinarazi du bart gauean, telebista eta irrati bidez. Hunkituta eta malkoei eutsi nahian mintzatu da Maduro. Iraultza bolivartarraren komandanteak azken hatsa eman du. XXI. mende hasieran, Venezuelan ez ezik, Latinoamerikan botere orekaren aldaketa abiarazi zuen erreferentziazko pertsonaia desagertu da. Hala ere, Madurok esan du Chavezen proiektuari eusteko konpromiso irmoa duela Venezuelako Gobernuak, eta "Chavez inoiz babestu ez duten haiei" mintzatu zaie, "herriaren dolua" errespeta dezatela eskatzeko.
Madurok armadaren eta Poliziaren hedatze berezi bat agindu du, "bakea" bermatzeko. Datozen egunotarako tentsioa, eztabaida beroak eta mugimendu ugari espero dira Venezuelan, gobernuak Chavez ordezkatzeko hartuko dituen pausoen esperoan. Hauteskundeen oihartzuna ozen adituko da.
Madurok berak hartuko du kargua behin-behinean, eta 30 egun baino lehen deitu beharko du bozetara, Chavezek agindu zuen moduan. Horietara aurkezteko, ordea, uko egin beharko dio presidentetzari.
Tentsioa albistearen aurretik
Chavezen heriotzaren aurreko orduetan, tentsioa nabarmena zen Venezuelan. Gobernuko kideak, hogei gobernadore sozialista eta agintari militar gorenak, denak bilera berean elkartu ziren Miraflores presidente jauregian. Chavezen falta inoiz baino agerikoagoa zen, eta hutsune horrexen garrantziak eragin zuen bilkura. Ordu batzuk lehenago, izan ere, Komunikazio ministroak adierazpen ofiziala irakurria zuen telebista kameren aurrean, Chavezen egoerak "okerrera" egin zuela jakinarazteko.
"Herrialdearen garapenerako egitasmoen urratsak neurtzea", hori zen atzoko bileraren helburu ofiziala. Bukatu zenean, lehendakariordeak Chavezen osasunari buruz esango zituen hitzen zain zeuden kazetariak eta herritarrak, eta etorri egin ziren: "Abenduaren 11ko ebakuntzatik hona bizi behar izan dituen unerik larrienak ari da bizitzen Chavez komandantea". Erantsi zuenez, infekzio «oso larria» zeukan, "eta konplikazioak arnasketa sisteman".
Lehendakariordeak dei egin zien venezuelarrei, atzoko bileran agertutako "iraultzaren zuzendaritza politiko-militarrarekin" konfiantza izan dezaten. Venezuelaren "arerio historikoei" egotzi zien presidentearen gaixoaldiaren ardura, gainera. "Haren osasunari kalte egiteko puntuaren bila ibili dira", Maduroren esanetan. "Nahikoa zantzu badugu gai horren inguruan, baina oso serioa da ikuspegi historikotik, eta zientzialari batzorde berezi batek ikertu beharko du".