Hugo Chavez Venezuelako presidentea Venezuelara iritsi da gaur, 21 egun Kuban eman ondoren. Otsailaren 27an ebakuntza egin zioten, pelbis inguruan zuen tumore bat kentzeko.
Chavezek Twitter bidez jakinarazi du gaur helduko zela Venezuelara. "Egun on, mundu on. Oraintxe aireratzen ari gara Jose Marti nazioarteko aireportutik. Hegoalderantz, aberrirantz. Eskerrik asko ene Jainkoa", zioen mezuak.
Haren ama eta alabetako batekin heldu da Chavez Venezuelara.
Chavezek ohartarazi du osatzen jarraitu behar duela oraindik, eta hauteskundeei begira mezua igorri du VTV telebistaren bidez. "Urriaren 7ko hauteskundeetan ezingo dute gurekin", esan du.
Azken inkesten arabera, Chavezek botoen %55arekin irabaziko luke, eta Henrique Capriles hautagaiak %35eko babesa jasoko luke.