Hugo Chavez Venezuelako Gobernuko presidenteak aitortu du minbizia duela, eta Habanan tumorea kendu diotela, bigarren ebakuntza eginda. "Erabat kendu didate", esan du Chavezek bart Venezuelako telebista kate publikoan.
"Ondo osatzen" ari dela adierazi du, "eta minbizi aztarnak borrokatzeko tratamenduan" jarraitzen du. "Bide zail honetatik irteten ari naizela uste dut. Lortu dugu, jainkoari eskerrak".
Ekainaren 11n egin zioten lehen ebakuntza Habanan —pelbisean—, eta orduan atzeman zioten minbizia, Chavezen arabera. "Harrezkero ere gobernuaren arduradun izan naiz, Elias Jaua presidenteordearekin hartu-eman iraunkorra izanda".
1999tik da Venezuelako presidente Chavez.