Mundua

Hungariako Gobernuaren aurkako protestetan 150 lagun zauritu dira Budapesten

Ferenc Gyursacsany lehen ministroak egoera ekonomikoari buruz gezurra esan duela onartzen duen grabazio bat zabaldu ondoren, milaka hungariar kalera atera dira bart Budapesten, Gobernuaren dimisioa eskatzeko. Istiluak izan dira manifestarien eta Poliziaren artean eta gutxienez 150 lagun zauritu dira. Gyursacsanyk gaur bertan dimisioa eman dezakeela zabaldu dute zenbait iturrik.

2006ko irailaren 19a
16:52
Entzun
Egoera ekonomikoari buruz urte eta erdian gezurretan ibili zirela onartu du lehen ministroak kameren aurrean, eta irudi horiek filtratu egin dituzte. Zehazki, joan den apirileko hauteskundeak irabazteko esan zutela gezurra aitortu du Gyursacsanyk.

Aitortza horren filtrazioa zabaltzearekin batera, haserreak hartu zituen milaka hungariar eta kalera atera ziren astelehenean Gobernuaren dimisioa eskatzera, batik bat, Budapest hiriburuan. Hala, Parlamentuaren egoitzaren aurrean egon dira hainbat denboraz milaka lagun —Gobernuko iturrien arabera sei mila; manifestarien euren arabera, askoz ere gehiago—.

Istilurik larrienak baina, Hungariako telebista publikoaren egoitzan sartzen saiatu da talde bat, komunikatu bat irakurri nahi zutela argudiatuta. Orduan sortu dira istiluak: iturri batzuen arabera, komunikatua irakurtzea eragotzi nahi izan die poliziek manifestari horiei eta istiluak lehertu dira. Beste batzuen arabera, telebistaren egoitzari su eman nahi zieten manifestariek. Nolanahi ere, iskanbila handiak zian dira goizaldera arte. Azken informazioen arabera, lasaitu da giroa.

Halaber, Gyursacsanyk gaur bertan dimisioa eman dezakeela zabaldu dute zenbait iturrik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.