Hurrengo bileran bere programa nuklearraz hitz egiteari uko egin dio Iranek

Teheranek eta potentzia nagusiek Genevako bilkuran adostu dute urtarrilean Istanbulen berriz biltzea

Erredakzioa
2010eko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Iranen eta nazioarteko potentzien arteko bilera amaitu da Genevan (Suitza). AEB Ameriketako Estatu Batuetako, Txinako, Errusiako, Erresuma Batuko, Frantziako eta Alemaniako ordezkariekin bildu da Teheran-5+1 delakoa-, nagusiki auzi nuklearrari buruz negoziatzeko. Bi eguneko elkarrizketen ondoren, urtarrilean Istanbulen (Turkia) berriz biltzeko erabakia da lortutako adostasun bakarra. Iranek, baina, argi utzi du Istanbulen ez dela mintzatuko bere programa nuklearraz.

Irango negoziatzaile Saed Khalilik azaldu du nazioarteko gaietan «oinarri komunak lortzeko lankidetzari» buruz bakarrik hitz eginen dutela bi aldeek Istanbulen. Nazioartearen «benetako kezkak» konpontzeko Iranek eduki dezakeen zeregina aldarrikatu du Khalilik. Kezka horien artean aipatu ditu hainbat herrialdek arma nuklearrak ugaritu izana eta «ehunka mila hildako» sortu dituzten gerretan xahututako dirua. Horren erantzuleei egotzi die «arreta desbideratzeko fikziozko arazoak sortzea» Iranekin.

Khalilik baino lehen egin du agerraldia EB Europako Batasuneko Atzerri Politikarako eta Segurtasunerako goi komisario Catherine Ashtonek, eta adostutako erabakiaren bertzelako bertsioa eman du. Ashtonen arabera, Istanbulgo bileran mintzagai izanen dituzte potentziek Irango programa nuklearrari buruz dituzten «oinarrizko kezkak» konpontzeko «ideia praktikoak eta lankidetzarako moldeak».

Zientzialariaren hilketa

Joan den astean Teheranen atentatuan hildako zientzialari nuklearra izan du gogoan Khalilik. NBEko Segurtasun Kontseiluaren eta «terrorismoaren» artean dauden «loturak» ikertu behar direla aldarrikatu du, Makhid Shahriari zientzialariaren izena erakundearen zerrenda batean ageri zelako. Hain zuzen ere, hainbat hedabidek argitaratu dute Mossad Israelgo zerbitzu sekretuak bere gain hartu duela hilketa. Iranen programa nuklearra oztopatzea da Mossaden helburua, hedabide horien arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.