Egunotan, bihar arte, Munduko Gizarte Foroa egiten ari dira Brasilgo Belem hirian, mundu osoko hamaika talde, mugimendu eta norbanakoen parte-hartzearekin. Horren harira, Brasilgo presidente Luiz Inacio da Silva Lula-k, foroaren hurrengo bilkura non egin eztabaidatzen dabiltzan honetan, berau Ekialde Hurbileko herrialderen batean edo Ameriketako Estatu Batuetan egiteko aukera sostengatu du. Berak bere babes diplomatiko osoa emango diola adierazi du.
Krisi ekonomikoa delakoagatik, batetik, eta antolakuntza arloko eragingarritasunagatik, bestetik, 2010ean ez dute Munduko Gizarte Fororik egingo. Bai, ordea, 2011n.
Munduko Gizarte Foroaren Nazioarteko Batzordeko 130 ordezkarietatik ehun ingururekin bildu da bart (arratsaldea Brasilen; gaua, Euskal Herrian) Brasilgo presidentea. Ordezkariek beren borondatea azaldu diote, munduko hurrengo foroa Ekialde Hurbileko herrialderen batean edota AEBetan egiteko, eta asmo hori begi onez hartu du Lulak.
Ekialde Hurbilean pil-pilean dauden gatazkak (Palestina, Irak, Libano...) oso garrantzitsu eta estrategiko egin dute eskualde hura, eta foroa han egiteko aukera aztertzen ari dira antolatzaileak. AEBak munduko potentziarik handienak izaki, azken herrialde honetan egitea ere egoki ikusten dute. Bi kontinenteotako herrialdeak egon dira, Munduko Gizarte Foroaren hasieratik (2001ean, Brasilgo Porto Alegre hirian), eztabaida nagusien erdigunean.
Aurtengo foroa bihar, igandearekin, bukatuko da, manifestazio erraldoi batekin. Han dira, tailer, hitzaldi eta eztabaidetan parte hartzen Euskal Herriko hainbat ordezkari, tartean ezker abertzaleko kideak, =lAskapena=http://www.askapena.org/?q=eu=l-ko kideak eta LAB sindikatukoak.
2010ean fororik egingo ez duten arren, antolatzaileetako gehienek ondo ikusten dute urte horretan Ekintza Globalerako Eguna antolatzea (2008an bezala), bilgune bakarra egin beharrean munduko ehunka hiritan mobilizazioak egiteko.
Munduko Gizarte Foroa
Hurrengo foroa Ekialde Hurbilean edo AEBetan egiteko sostengua adierazi du Lulak
Antolakuntza eta krisi ekonomiko arazoengatik, 2010ean ez da fororik egingo, eta 2011koa non egin aztertzen ari dira antolatzaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu