Xiitentzat urteko egun handiena da Axura, ilargi egutegi islamikoaren lehenbiziko hileko hamargarren egunean ospatzen den jaia. Mahoma profetaren biloba Husseinen martirioa gogoratzen dute egun horrekin. Omeiatarrek kontrolatutako kalifa-herria eskuratzeko Mahomaren iloba Jazidekin lehiatu zen Hussein, eta Karbala hirian —gaur egun, Irak— hil zuten, setio gogor baten ondoren, 680. urtean. Xiitek ospakizun jendetsuak egiten dituzte, eta herrialde anitzetan istiluak eta erasoak izan ohi dira islamaren bi adarren jarraitzaileen artean, hau da, xiiten eta suniten artean.
Azken urteetan, Iraken gertatu dira Axura eguneko sarraskirik handienak. Herrialde osoan, bereziki Karbala hiri santuan, milaka xiita elkartzen dira egun horrekin, eta muturreko talde sunitek haien aurkako erasoak egiteko baliatu izan dute. Herenegun bertan 30 lagun hil zituzten hainbat atentatutan. Hilla hirian, adibidez, hamasei lagun hil zituzten prozesio batean lehergailuak zartarazita. Bagdad hiriburuan, berriz, bertze 11 lagun hil zituzten hainbat leherketatan.
Irango Iraultza Islamikoa (1979) eredutzat hartuko zuten beldur, Saddam Husseinek gehiengo xiita diskriminatu eta sunitengan oinarritu zuen bere erregimena. 2003an AEBek Hussein agintetik kendu zutenean, erresistentzia talde sunitek jomugan paratu zituzten xiitak.
Sunitek ere ospatzen dute Axura. Baraurako eguna da, eta Mahomaren aitzineko zenbait pasarte gogoratzen dituzte: adibidez, Noek ontzia utzi zuen eguna, edo Jainkoak Moises egiptoarrengandik salbatu zuenekoa. Jaia bera, ordea, zuzenean lotuta dago islamaren bi joeren banaketarekin. Izan ere, xiiten tradizioaren arabera, Hussein martiriaren aita Ali da Mahomaren legezko oinordekoa, baina sunitek ez dute hori onartzen. Musulmanen artean sunitak %85 inguru dira.
Husseinen martirioaren eguna
Islamaren adar minoritarioaren jarraitzaileentzat, xiitentzat, urteko jaiegun handia da Axura. Ospakizun jendetsuak egiten dituzte, eta horietan hainbat herrialdetan istiluak izan ohi dira xiiten eta suniten artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu