Hutsetik hasteko lana

Siriarako hurrengo mandatari berezia Lakhdar Brakhimi Aljeriako diplomazialaria izanen dela argitaratu dute hedabide anitzekNBEren arabera, astebetean 6.000 lagunek ihes egin dute Turkiara, Halabetik anitzek

mikel rodriguez
2012ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Hogei egun falta dira Kofi Annanek NBE Nazio Batuen Erakundearen eta Arabiar Ligaren Siriarako mandatari berezia izateari utz diezaion. Ordezkorik ez dute hautatu oraindik, baina Lakhdar Brakhimi Aljeriako Atzerri ministro ohia izanen dela argitaratu dute hainbat hedabidek eta berri agentziak. Brakhimi atzo bertan mintzatu zen Siriako egoeraz, baina bere ustezko izendapenaz ez zuen deus erran. NBEko Segurtasun Kontseiluari batuta egoteko eskatu zion. Annanen ordezkoa Brakhimi edo bertze norbait izan, lana hutsetik hasi beharko du, oraingo mandatari bereziaren ekimen guztiak ezerezean gelditu baitira, eta gatazka erabat blokeatuta eta militarizatuta dago.

Iturri diplomatikoek isilean zabaldu dutenez, heldu den astean eginen dute ofizial Brakhimiren izendapena, baina «gobernu erabakigarriren batek» kexurik badu «azken orduko aldaketak» gerta litezkeela zehaztu dute. Annan izendatzerakoan, arabiar bat aukeratzea saihestu zuten NBEk eta Arabiar Ligak, Damaskok onartuko ez zuelakoan, gobernu arabiar gehienak aurka baititu.

Brakhimi The Elders (Zaharrak) taldeko kidea da —munduko hainbat buruzagi politiko beteranok osatua—. Talde horrek agiri bat atera du Siriari buruz, kide bakoitzaren iruzkinekin. «Milioika siriar bakearen alde deiadarka ari dira, eta munduko liderrek ezin dute banatuta segitu», adierazi du Brakhimik. Siriako herritarrak «nazio gisa» elkartu behar direla gehitu du. Brakhimi 1934an jaio zen, eta 1991-1993 artean izan zen Aljeriako Atzerri ministro. Geroago, NBEko mandatari izan da hainbat tokitan: Afganistanen, talibanen aroan, eta, ondoren, Iraken, AEBek inbaditu ondoren, eta Hegoafrikan, apartheid-a erori ondotik.

Hogei egun baino lehen egoera zeharo aldatzen ez bada, Annanen ordezkoak eguneroko borroketan eta erasoetan murgildutako herrialde bat aurkituko du Sirian. Gatazkaren erdiguneak Halab hirian segitzen du, azken bi asteetan bezala. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren arabera, astebetean 6.000 lagunek ihes egin dute Turkiara, Halabetik anitzek —50 kilometro daude mugara—. UNHCRek dioenez, Turkian 50.000 errefuxiatu daude, eta Ankara bikoitza hartzeko azpiegitura hasi da prestatzen.

Clinton, Turkian

Turkian dago Hillary Clinton AEBetako Defentsa idazkaria ere. Turkiako Gobernuko eta Siriako oposizioko ordezkariekin elkartuko da gaur, Istanbulen. Etxe Zuriko iturriek jakinarazi dutenez, «armatu gabeko oposizioko kideak» izanen dira Clintonekin elkartuko direnak. Oposizio armatuari, berriz, Erresuma Batuak laguntza gehituko dio, William Hague Atzerri ministroak jakinarazi duenez. Sei milioi eurotan baloratutako «laguntza ez hilgarria» emanen die Londresek matxinoei. Komunikazio tresnak aipatu ditu. Iaz Libian egin bezala, Mendebaldeko herrialdeak pixkanaka publikoki adierazten ari dira matxinoak militarki laguntzen ari direla.

Herenegun Teheranen bildutako herrialdeek, berriz, Siriarako harremanetarako talde bat sortzea proposatu dute, eta gatazkaren irtenbide bakartzat «elkarrizketa nazionala» aldarrikatu dute. Iranez gain, Errusia eta Txina elkartu ziren han, bertzeak bertze.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.