IAEAk Irango programa nuklearraren negoziazioen porrota aitortu du

Berriz biltzeko egunik ez dute zehaztu; Iranek adierazi du oraindik posible dela akordioa lortzea

2012ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
«Akordioa ixteko asmoarekin joan gara bilerara», adierazi du Herman Nackearts IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziako ikuskatzaileen buruak. Zortzi orduko eztabaida luzearen ondoren, baina, desilusionatuta agertu da ez dutelako adostasunik lortu, eta negoziazioek huts egin dutela aitortu du. «Iranek gai berriak jarri ditu mahaiaren gainean, aurrez eztabaidatu genituenak. Hau etsigarria da».

Irango programa nuklearraren inguruan akordio bat lortu zutela jakinarazi zuen IAEAko buru Yukiya Amanok maiatzaren 21ean, eta ,besteak beste, erakundeko behatzaileak Partxingo base militarrera sartzeko baimena adostu zutela. Bertan bonba nuklearrak eraikitzeko probak egin dituztela uste du NBEren erakundeak. Oraindik desadostasunak zituztela onartu zuen Amanok, baina hori ez zela oztopoa izango adierazi zuen. Horiek hala, atzoko bileran maiatzean lortutako akordioaren xehetasunak adostu eta ituna ixteko helburua zuten. Azken egunetan, baina, baikortasuna itzalduz joan da, eta tentsioak gora egin du. Asteazkenean, Mendebaldeak manipulatutako espioien zerbitzu gisa funtzionatzea leporatu zion NBEriIrango IAEAko ordezkariak, eta argi utzi zuen Iran ez dagoela «segurtasun nazionala» arriskuan jartzeko prest. Adituek IAEAko behatzaileen ikerketa mugatzeko asmoa zuela aurreikusi zuten orduan.

Iran ez da hain ezkor atera bileratik, eta IAEAko Teheranen ordezkari Ali Asghar Soltaniehek esan du akordioa lortzeko esperantza dutela oraindik. Prozesua, dena den, «oso konplexua» dela aitortu du, IAEAk Arma Nuklearrak Ez Ugaltzeko Ituna baino haratago joan nahi duela argudiatuz. Itunaren arabera, NBEren behatzaileek instalazio nuklearrak ikuska ditzakete, ez ordea militarrak; Partxingo basea, kasu. Honako hau auzi berezia eta konplexua dela nabarmendu du Soltaniehek, «IAEAk leuntasunez tratatu behar duena».

Bestalde, atzo San Petersburgon egin zuten Nazioarteko Segurtasunaren bileran Saeed Jalili Irango Segurtasun Batzorde Nazionaleko idazkariak NBEri leporatu zion energiaren segurtasunaren aitzakia erabiltzea herrialdeak «okupatzeko».

Bilera sortekin Iran denbora irabazi nahian dabilela dio Mendebaldeak. Mahmud Ahmadinejad Irango presidenteak, hain justu, gauza bera egotzi dio nazioarteari, «aitzakiak jartzen eta denbora galtzen» ari direla salatuta. IAEAren arabera, ez dute berriz biltzeko egunik zehaztu.

Iranen eskubidea

Vladimir Putin Errusiako presidentea Ahmadinejadekin bildu zen atzo, eta Iranek energia nuklearra garatzeko eskubidea duela aldarrikatu zuen. «Beti babestu izan dugu teknologia modernoa izateko Irango herriaren eskubidea, baita energia nuklearra modu baketsuan erabiltzekoa ere. Baina nabarmendu nahiko nuke honek helburu baketsuak izan behar dituela», zehaztu du Putinek.

Txinako presidente Hu Jintaok, berriz, jarrera «malgua eta pragmatikoagoa» eskatu dio Irani, eta IAEArekin elkarlanean aritzeko gomendioa egin dio. Irango programa nuklearraren auzia elkarrizketa bidez konpondu behar dela berretsi du. Tentsioa baretu nahi duela azaldu dio Ahmadinejadek Huri, eta alde guztiekin harremana mantentzeko ahalegin handiagoa egingo duela hitzeman dio.

Errusiak eta Txinak Teheranen aurkako zigorren kontrako jarrera mantendu dute, herrialdea bakartzea dakartela argudiatuz. Hain zuzen, herrialdearen diru iturri nagusi den petrolio esportazioan kalte nabarmena eragin dute AEBen, NBEren eta EB Europako Batasunaren neurriek, besteak beste.

AEBak ezkor

Bileraren atarian AEBak mesfidati agertu dira. «Ez naiz baikorra», esan zuen Robert Wood AEBetako IAEAko ordezkariak aste honetan. «Akordio bat lortzea espero dut, baina ez dut uste Iran horretarako prest dagoenik».

Bagdaden 5+1 Taldeak Iranekin ekainaren 18an eta 19an egingo duen bilerarako ere ezkor agertu da Washington. NBEko Segurtasun Kontseiluko kide iraunkorrek —AEBak, Erresuma Batuak, Frantziak, Errusiak eta Txinak— eta Alemaniak osatzen dute seikotea. Hain zuzen, iragan maiatzaren 24an goi bilera egin zuten Bagdaden eta esku hutsik atera ziren handik ere, berriz biltzea baizik ez zuten adostu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.