IRAN

IAEAk Teheranen orain arteko egitasmo nuklearrak gaitzetsi ditu

Jarrera aldatuz gero, Energia Atomikoaren Agentziak ez du salatuko NBEko Segurtasun Kontseiluan

Erredakzioa
2003ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Iranek orain arte abian izandako programa nuklearra gaitzesten duen txostena onartu zuen Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak (IAEA) atzo Vienan (Austria). Agiri hori Ameriketako Estatu Batuen (AEB) eta Europako Batasuneko zenbait herrialderen artean hitzartu dute.

Oro har, IAEAk onartu duen txostenean, 18 urtean aurrera eramandako egitasmo nuklearrak ezkutatzea eta Arma Nuklearrak Ez Ugaltzeko Ituna urratu izana egotzi diote Teherani. IAEAk gaineratu duenez, dena den, egun ez dago Iranen arma nuklearrak ekoizten diren frogarik. AEBek eta beste zenbait herrialdek diote, baina, susmoa dutela Iranek ezkutupeko arma nuklearrak ekoitzi dituela.Halere, IAEAk ez du salatuko Teheran NBEko Segurtasun Kontseiluan. Baina salatutako egitasmo nuklearrek aurrera jarraitzen duten susmorik balego Segurtasun Kontseilua berehala jakinaren gainean jarriko dutela gaineratu dute, eta horrek zigor larriak ekar ditzake Iranentzat.Okerreko jokabiderik antzemanez gero, IAEA «berehala» bilduko da hartu beharreko neurrien inguruan gogoeta egiteko.Mohamed El Baradei IAEAko zuzendari nagusiak atzo adierazi zuenez, «oso gertutik» jarraituko dituzte hemendik aurrera Iranen ekimen nuklearrak. Bestalde, datorren urteko otsailean Iranen inguruko beste txosten bat plazaratuko dutela iragarri zuen El Baradeik. IAEAko Irango enbaxadore Ali Akbar Salehik adierazi duenez, txostena «ongi dago». Gainera, Iranek uranioa lortzeko saioak bertan behera utzi dituela eta laster Arma Nuklearrak Ez Ugaltzeko Itunaren Protokolo Gehigarria sinatuko duela adierazi zuen. Protokolo horren bidez, IAEAko ikuskatzaileek nahi dutenean egin ahal izango dituzte ikusketak Iranen; aldez aurretik jakinarazi gabe gura duten lekuan eta momentuan egin ahal izango dituzte.Bestalde, Iranek IAEArekin duen konpromisoa berretsi du, eta bere egitasmo nuklearrak helburu zibiletarako baino ez direla erabiltzen gaineratu du. Horregatik, behaketek hori frogatzeko baino ez dutela balioko adierazi du. Colin Powell AEBetako Estatu idazkariak adierazi duenez, «oso pozik» daude IAEAren erabakiarekin. «Garbi dago Iranek ez dituela bete bere eginbeharrak». Halere, Iranek oraindik ezkutuko egitasmo nuklearrak dituela uste dute AEBek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.