IAEAren eta Iranen artean «alde nabarmenak» daude, eta ez dute lortu akordiorik

Aurrerapenak egin arren, «segurtasun arrazoiengatik» ez dute itunik lortu, Teheranen arabera

Arnaitz Lasarte.
2012ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Oraingoan ere ez dira adostasunera iritsiIran eta IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentzia. Irango programa nuklearraren auziari konponbide bat emateko helburuarekin bildu ziren atzo Vienan, baina ekainean bezala porrot egin dute negoziazioek. IAEAren esanetan, «alde handiak» daude bi jarreren artean. Iranen arabera, berriz, aurrerapenak egin dituzte bileran, baina «Iranen segurtasun arrazoiengatik» ezin izan dute akordiorik lortu. Zazpi ordu luzeko bileran, Herman NackeartsIAEAko ikuskatzaileen buruak eta Asghar Soltanieh Iranek agentzian duen ordezkariak hartu dute parte.

Bilera aurretik Soltaniehek adierazi zuen Iran mugitzeko prest dagoela adostasun bat lortu ahal izateko. Itxaropentsu agertu zen auzian aurrerapenak egiteko. Ez, ordea, IAEAko ordezkariak; Yukiya Amano buruak, esaterako, aste honetan onartu du ez zegoela oso baikor negoziazioen aurretik: «Ez dago inongo zantzurik aldaketaren bat laster gertatuko dela sinesteko».

Maiatzean, negoziazioak bide onetik zihoazela bazirudien ere, azken hilabeteetan urrundu egin dira bi aldeak. Amanok maiatzean iragarri zuen, dagoeneko akordiorako oinarri bat lortu zutela, eta «aurki» sinatuko zutela IAEAri Iranen jarduera nuklearra ikertzeko aukera emango zion ituna. Hilabete geroago egindako bileran, ordea, balizko akordioa hautsi egin zuten, Iranek mahai gainean «gai berriak» jarri zituelako.

AEBen eta Israelen arabera,Irango programa nuklearrak erabilera militarrak eduki ditzake. Hori dela eta, NBEri eskatu die Teheranen jarduera nuklearra gertutik ikertzeko. Iraneko ordezkarien esanetan, ez dute asmorik arma atomikorik egiteko, eta programa nuklearra «erabilera baketsu eta zibiletarako» da. Batez ere, Partxingo base militarrean du susmoa NBEk, han bonba nuklearrak eraikitzeko probak egin dituztela uste baitute. Hara sartzeko baimena ukatu egin die IAEAko ikuskatzaileei, eta hori da agentziak eta Teheranekduten «alde nabarmenetako bat».

Bestalde, Reuters agentziak jakinarazi du uranioa aberasteko ehunka zentrifugagailu ezarri dituela Iranek, Qom hiritik gertu duen Fordow plantan. Inoren erasoetatik salbu leudekeen segurtasun eremu batean ezarri dituzte. Hainbat ikertzaile nuklearren txosten baten arabera, makineria horrekin uranioa %20 aberastu ahal izango du Teheranek, eta, horrela, bonba nuklear bat egiteko gaitasunera hurbilduko litzateke.

Israel, Iranen aurka

Israel da Iranen programa nuklearraren aurka nabarmenen agertu den herrialdea. Atzo ere, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa programa horrek duen «arriskuaz» mintzatu zen: «Teheran arma nuklearrak lortzeko urrats bizkorrak ari da egiten, munduaren eskaerei kasurik egin gabe».

Irani berehala eraso egin nahi dieten gobernuko kideetako bat da Netanyahu, eta horrek eztabaida sortu du Simon Peres Israelgo presidentearen eta gobernuburuaren artean. Lehen ministroaren arabera, Israel prest dago berak bakarrik Irani aurre egiteko. Peresek, berriz, nahiago du AEBen erabakiaren zain egon. Etxe Zurian, berriz, AEBetako presidentetzarako hauteskundeei begira daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.