Ezezko askoren ondoren, baiezkoa. Irango agintariek beren jarduera nuklearra aztertzeko nazioarteko ikuskaritza bat onartu dute, IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak atzo Vienan (Austria) jakitera eman zuenez. Hilabete hau bukatu aurretik, ur astuna egiteko Arakeko erreaktorean ikuskatzaile talde bat onartuko dute, bertan zer egiten ari diren erakusteko.
Ur astuna egiteko erreaktoreek plutonioa ekoizteko gaitasuna dute, eta Irango agintariek beren egitasmo nuklearrak xede «zibilak» baino ez dituela esaten badute ere, nazioartean kezkaz ikusten dituzte Iranen egitasmo nuklearreko urratsak. Uranioa aberasteko hainbat ekimen ere badituzte martxan, eta ondoez handia eragin dute nazioarteko komunitatean. Iran, urrats horiekin, arma nuklearrak egiteko prestatzen ari dela uste dute askok.
NBE Nazio Batuen Erakundeak jada bi zigor sorta indarrean jarri ditu Iranen kontra, eta gehiago ere jartzea aztertzen ari da. Zigor horien aurrean, burua makurtzeko inolako asmorik ez dute erakutsi orain arte, ordea, Irango agintariek: beren programa nuklearra irmo defendatu dute. Atzo IAEAk publiko egindako jakinarazpenagauzatzen bada, hala ere, auziaren gaineko tentsioa baretu egin daiteke.
Iranen jarrera aldaketan giltzarri izan da IAEAko ordezkari Olli Hainonen. Hilaren 11n eta 12an Irango hiriburuan izan da, Teheranen, eta, antza, bertako agintariekin izan dituen elkarrizketek fruitua eman dute. Ikuskatzaileei Araken ateak irekitzea onartzeaz gain gain, Irango agintariek ontzat jo dute, Natanzgo zentralaren gainean --uranioa aberasteko gunea da-- abuztuan bilera bat egitea, eta hainbat auziren gaineko informazioa ematea.
IRANEN ADIERAZPENAK, LEHENGOAN. IAEArekin lortutako akordioa berretsi egin zuten atzo Irango agintariek. Egin dituzten adierazpenetan, ordea, lehengo lepotik mintzatu dira; ukatu egin dute arma nuklearrak ekoizteko asmoa dutenik, eta egitasmo nuklearraren atzean dauden xede zibilak gogorarazi dituzte. Arakeko erreaktorea, esate baterako, herrialdearen osasun arloko garapenerako giltzarri izango dela nabarmendu du, IAEArekin egindako negoziazioetan parte hartu duen Ali Ashgar Soltaniek. «Arakeko egitasmoa burutzeko eskubide ukaezina du Iranek, derrigorrezkoa da medikuntzan eman nahi dion erabilerarako».
Bi aste barru Vienan IAEArekin negoziatzen jarraituko dutela azaldu du. «Konpontzeke» geratu diren auzietara begira, akordioa lortzeko oinarrizko plana hitzartu nahi dute.
AHALMEN HANDIA. Arak hirian dagoela esaten bada ere, handik hurbil dago, berez, ur astuna egiteko erreaktorea, 50 kilometrora, Khondaben, Teheran hiriburutik 200 kilometrora. 1993. urtean eraikitzen hasi ziren planta, eta 2003ko amaieran ekin zioten ekai nuklearra ekoitziko duen erreaktorea osatzeari.
Erreaktore horrek 80 Mwko potentzia dauka, eta gaur egun urtean 16 tona ur astun ekoizteko gaitasuna daukala diote bertako arduradun teknikoek. Erreaktoreak gaitasun gehiena joko duelarik, hamarkada honen amaieran, urtean 80 tona ur astun ekoitziko dituela ziurtatzen dute. Zentraleko zenbait teknikariren aburuz, erreaktorea iazko uztailaren 11tik dago. Alabaina, geroago egin zuten inaugurazioa, iazko abuztuaren 26an, hain zuzen ere, NBEko Segurtasun Kontseiluak Irani programa nuklearra bertan behera uzteko jarritako ultimatumetik bost egunera. Desafiotzat hartu zuen nazioarteko komunitateak ekitaldi hori.
IAEAren ordezkaritza bati atea irekitzea onartu du Iranek
Arakeko erreaktorea hila amaitu aurretik bisitatuko du Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu