'Egunkaria auzia'

Iñaki Uriarekin "ankerkeriaz" jokatzen ari direla nabarmendu du Joan Mari Torrealdaik

'Egunkaria auzian', hasieratik, den-dena gehiegizkoa eta lekuz kanpokoa izan dela uste du Joan Mari Torrealdai 'Egunkaria'-ko Administrazio Kontseiluko lehendakariak, baina Iñaki Uria kontseilari ordezkariekin ankerkeria bereziarekin jokatzen ari direla nabarmendu du. Espainiako Auzitegi Nazionalak Uriari ezarri dion 600.000 euroko bermeari buruz galdetu diotenean egin ditu Torrealdaik adierazpen horiek Radio Euskadin.

2004ko apirilaren 30a
13:44
Entzun
Hain zuzen ere, aurrekaririk gabeko fidantza handi hori ezartzea "iraina" dela azpimarratu du 'Egunkaria' zeneko Administrazio Kontseiluko lehendakariak. "Diru hori eskatzea jakinik ez duela ondare pertsonalik, euskalgintzako langile bat dela, eta langile familia bateko semea, hori iraina da", esan du Torrealdaik.

Nolanahi ere, Manu Robles-Arangiz Institutuak argitaratu duen Euskalgintza sindikalgintzan txertatu liburuari buruz mintzatzeko gonbidatu dute Torrealdai Radio Euskadira, Fernando Iraeta institutuko buruarekin batera.

Argitalpen horretan Jon Sarasua Mondragon Unibertsitateko irakasle eta ikerlariak, Bernardo Atxaga idazleak, Martxelo Otamendi Berria -ko zuzendariak eta Joan Mari Torrealdai Egunkaria -ko Administrazio Kontseiluko lehendakari zein Jakin aldizkariko zuzendariak euskalgintzaz gogoeta eginez emandako hitzaldi bana jaso dituzte.

Torrealdaik, zehazki, Intelektual mediatikoak hizkuntz politikaren aurka gaia jorratu zuen, eta haren azalpena egin du irratian. Azaldu duenez, "agintean dauden politikariei lagunduz" komunikabideetan dabiltzan intelektualak dira bere ustez "intelektual mediatikoak". "Oso mezu politikoak ematen dituzte, oso epe motzeko politikan, hauteskundeen testuingurukoan", agertu du.

Intelektual mediatiko horien jomugetako bat hizkuntz politika izan dela agertu du Torrealdaik, eta haien jardun gogorrena 1997an abiatu zela, ETAk Miguel Angel Blanco hil zueneko testuinguruan, eta PPk onartu zuen Egoera politikoaren analisi bateratua txostenetik abiatuta. Torrealdairen iduriko, PPren agiri horretan ezarri ziren intelektual horien jarduna izan denaren ardatzak, besteak beste, hizkuntz politikaren aurkakotasunari dagokionez, jauzi kualitatibo bat ematea.

Azaldu duenez, jauzu kualitatibo horren oinarrian irizpide bat dago: lehenago hizkuntz politikaren erritmoari egiten zitzaizkion kritikak; hots, euskalduntzea "biziegia" zela eta tankerako kritikak egiten ziren. Jauzi horretatik, aurrera, ordea, estrategia hizkuntz politikaren zilegitasuna bera zalantzan jartzea izan da, eta, horretarako, normalizazio kontzeptua, hizkuntza propioarena eta hizkuntza identitate zein integrazio faktore izatearena aldrebestu dituzte Torrealdairen iduriko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.