Yehuda Weinstein Israelgo fiskal nagusiak Turkiari barkamena eskatzeko aholkua eman dio Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroari, iaz Askatasunaren Flotillako Mavi Marmara ontzi turkiarrari eraso egin eta bederatzi ekintzaile hiltzeagatik. Weinstenen ustez, barkamena eskatuz gero Israelek saihestu egingo luke armadako soldaduen aurkako auzia irekitzea, eta Turkiarekin duen harremana normalizatzea lortuko luke.
Iazko erasoaren harira, Turkiak moztu egin zituen Israelekin zituen harremanak, baina, baldintza batzuk betez gero, egoera normalizatzeko prest agertu da: erasoagatik barkamena eskatzea, biktimei kalte ordainak ematea eta Gazako blokeoa amaitzea.
Dena den, ez dirudi oraingoz baldintza horiek beteko direnik. Izan ere, Moshe Yaalon Israelgo lehen ministrordeak eta Avigdor Lieberman Atzerri ministroak ez dute begi onez ikusten Israelgo Gobernuak barkamena eskatzea.Yaalonen ustez, barkamena eskatuta Turkiako Gobernuak salaketa jartzea saihestuko balute ere, kasu horretan Turkiako zibilek eramango lukete kasua auzitara.
Bestalde, barkamenik jaso ezean, Gaza bisitatzera joango dela adierazi du Erdoganek. Hurriyet Turkiako egunkariaren arabera, Recep Tajip Erdogan Turkiako lehen ministroa aste honetan zen Gazara joatekoa, baina, Israelek barkamena eskatzeko aukera ikusi duenez, bisita atzeratzea erabaki du.
Iaz, Askatasunaren Flotilla Gazako blokeoa hausten saiatu zen, baina Israelgo armadak gogor hartu zituen. Mavi Marmara ontzi turkiarrari eraso egin zioten eta bederatzi ekintzaile hil zituzten. Autopsiek erakutsi dutenez, hildako batzuek tiroak zituzten.
NBEren txostenaren zain
NBE Nazio Batuen Erakundea, bestetik, iazko erasoari buruzko txostena prestatzen ari da. Ban Ki-moon idazkari nagusiak uztailaren 27an jasoko du txostena, eta, ziurrenik, abuztuaren 1ean aurkeztuko dute. Hainbat filtrazioren arabera, erakundeak legezkotzat joko du blokeoa, baina gaitzetsi egingo du Israelgo armadak indarra gehiegikeriaz erabili izana. AEBak txostenaren argitaratze eguna atzeratu nahian ibili dira, Turkia eta Israelen arteko harremana gehiago okertuko den beldurrez.
Bestalde, Yaalonek adierazi du ez dela israeldarren eta palestinarren arteko akordiorik izango «etorkizun hurbilean»; «israeldarrok iraun dezakegu inolako akordiorik gabe ere».
Iazko abordatzeagatik Turkiari barkamena eskatzeko aholkatu dio fiskalak Israeli
Armadako soldaduak ez auzipetzea eta Turkiarekin harremana normalizatzea lortuko luke barkamena eskatuz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu