Zerrenda estu bat osatzen du Jordan ibarrak, baina Zisjordania osoaren %28 da. Luze bezain aberats dira haren historia eta orografia. Horregatik, paradisutzat jo dute hainbat mitologiak. Jordan ibaitik mendebaldera, eta Itsaso Hiletik iparraldera, Palestinako birika berdea osatu du mendeetan, bertako lurren emankortasuna dela eta.
1967an, Zisjordania okupatu ostean, ibarraren ustiapen ekonomikoa bultzatzen hasi zen Israel. Ondoren etorri ziren Osloko Akordioek, berriz, Israelen kontrola berretsi besterik ez zuten egin. C eremu gisa izendatu zuten Jordan ibarraren %90, eta geroztik, Israelek erabat kontrolatzen jarraitu du. PAN Palestinako Aginte Nazionalaren kontrolpean dauden gune bakarrak Jeriko hiria eta Al-Auja herria dira. Beste bost herrixka B eremuan daude, alegia, PANen kontrol administratiboaren barruan, baina Tel Aviven aginte militarraren pean. Gainontzeko esparruan, palestinarrek ez dute gerizperik.
PANen legeriatik at, C eremuan bizi direnek etengabeko murrizketak izaten dituzte mugimendu askatasunean. Bost kontrolgunek, hemezortzi lubakik eta zenbait atek kolonietan eta sailetan lanean ari direnen sarbidea kontrolatzen dute. Zatiketaren ondorioz, nekazaritzan eta artzaintzan ari diren palestinarrek «itota» daudela salatzen dute.
Amira Hass lurralde okupatuetan lan egiten duenIsraelgo kazetariaren iritziz, C eremuko hazkunde naturala galarazi nahi du Israelek. «Estrategia isila» iruditzen zaio, eta honela salatu du Haaretz egunkarian idatzitako artikulu batean: «Israelek Jordan ibarretik kanpo nahi ditu palestinarrak; beraz, ezer eraikitzea debekaturik daukate [palestinarrek], baita ur eta argindar hornikuntzara konektatzea ere. Bitartean, eraispen bakoitza legezkoa eta baimendua da».
Negeveko desertuan beduinoekin gertatzen den bezala, Israelgo gobernuaren politikak hirigune handietara joatera behartu ditu palestinarrak. «PANek kontrolatzen dituen eremuetara alde egin dute; besteak beste, Nablus, Jeriko eta Ramallahera. Ibarra husten ari da», nabarmendu du Paddy Clark ezizena erabiltzen duen ekintzaile irlandarrak.
Datuek hala diote. 1967an 300.000 palestinarren bizilekua zen ibarra. 45 urteren ostean, 64.000 inguru besterik ez omen dira; dena den, errolda ofizialik ez dago.
Jendeztatze motak
Judaizazio azkarra gertatzen ari da Jordan ibarrean. Koloniak, datil eta barazki sail handiak, natura erreserbak eta entrenamendurako base militarrak dira nagusi paisaian. Alde batetik, palestinarrei nekazaritza, abeltzaintza eta etxebizitzen eraikuntza eragozten diete, eta, bestetik, Israelek «naturaz gozatzeko eremu paregabea» dela dio gida turistikoetan.
Israelgo okupazioaren alde ekonomikoak aztertzen dituztenek greenwashing edo garbiketa berdea esaten diote natura erreserbak edo parke nazionalak sortzeko politikari. «Ibarraren %50 koloniek betetzen dute. Gainotzeko %45 natura erreserbak edo eremu militar itxiak dira. Palestinarrek gutxiengo autonomia izan dezaketen eremua %5 besterik ez da», adierazi du Clarkek.
Hamar mila kolono baino gutxiago bizi dira gaur egun Jordan haranean, 37 koloniatan banatuta. Gehienak kolono ekonomikotzat jotzen dira, hau da, xede ideologikorik edo erlijiosorik ez dutenak. Gobernuak eskaintzen dizkien pizgarri ekonomikoei esker bizi dira haranean. Kolonien hazkundea begi bistakoa da.
Baina paisaiako elementurik deigarriena, agian, datil eta barazki sail handiek osatzen dute. Horietan lan egiteko, palestinarren eskulan merkea erabiltzen dute konpainia israeldarrek. Oso arrunta da familietako gizonezkoak sailetan aritzea. Tayseer gazteak Nablusko unibertsitatean ikasten du, eta datil landetan ere badihardu lanean. «Gure lurretan nekazaritza ezin dugu garatu, eta sail handientzat ari gara lanean, kontsumitu ezingo ditugun barazkiak lantzen». Aitzitik, eskualdeko beste eremuetan saltzen ziren produktuak, Europako supermerkatuetara esportatzen dira orain. Israelgo barazki freskoak deitzen zaien produktu gehienak Jordan haranetik datoz.
Ura berebiziko faktorea da haranaren okupazioa ulertzeko, Palestinako ur baliabide naturalik aberatsena baitu. Jordan ibaiko uraz gain, iturburuz beterik dago eremua. Azken hamarkadetako agindu militarrek, berriz, ur erreserbak erabiltzeko baimena mugatu diete palestinarrei. 1995ean, ura ponpatzeko eta putzu kopuruak hezteko baimena debekatu zitzaien. B'Tselem Israelgo erakundearen arabera, ibarreko iparraldeko C eremuan bizi den palestinar bakoitzak eguneko 61 litro ur ditu —etxerako eta baita nekazaritza ustiapenerako ere—; gune berean dauden kolonietako biztanle bakoitzak, berriz, egunean 727 litro jasotzen ditu. Palestinarrek ura erosi behar izaten dute ezinbestean.
Mekorotek, Israelgo ur konpainia nazionalak, 42 putzu zulaketa egin ditu Zisjordanian azken urteetan, ura akuiferoetatik hartzeko. Horietatik 28 Jordan haranean ezarri dira. Haranean, sistema nazionaletik at jokatzen du Mekorotek, eta, B'tselemen arabera, ura ponpatzeko estazioak itxita eta hesituta dauzkate.
Palestinako irla berdea agortzen ari dela zalantzarik ez duten biztanleei «oldarkorrak» irizten zaizkie Israelen ur ustiapen metodoak. B'tselemek emandako datuek hala baieztatu dute. 1940ko hamarkadan Jordan ibaiak urtean 1,3 bilioi metro kubikoko ur emaria zuen, eta gaur egun, berriz, urtean 30 milioi metro kubiko ditu.
Lekualdaketa behartuari aurre egiteko, Jordan Valley Solidarity mugimendua sortu zuten palestinarrek duela hamar urte.
Elkartasun sarea
Al-Jifftlik herrixkan hezurmamitu zen ekimena, eta geroztik, bertako herritarrak eta nazioarteko ekintzaileak elkarlanean ari dira. Mugimenduak C eremuan soilik lan egiten du, «bertako biztanleek sufritzen dutelako okupazioaren alderdirik gogorrena», dio Clarkek. Helburua da palestinarrei oinarrizko azpiegiturak eskaintzea, beren lurretatik alde egiteko beharra izan ez dezaten.
Samra izeneko eremuan hiru komunitate beduino bizi dira. Bertan haurtzaindegi bat ezarri berri du elkartasun mugimenduak. Oraindik karpa beltz batez osaturiko egitura bat da, baina denborarekin onarpen ofiziala izan dezakeela uste dute. Ibrahim Shawqi da bertako irakaslea: «Karpa erako hainbat eskola sortu ditugu, eta horietatik hiruk PANeko Hezkuntza Ministerioaren aitorpena jaso dute».
Clarken ustez, politikoa da mugimenduaren borroka. Horregatik, gobernuz kanpoko erakundeen eta emaile handien finantzaketa errefusatzen dute, borondate politikorik eza laguntza humanitarioaren bidez ezkutatzen dutelakoan: «Gaizki-ulertu handia dago nazioarteko erakunde batzuen partetik. Guk ez dugu giza krisirik pairatzen. Bostehun ardi ditu gure familiak, eta ez dugu inoiz goserik pasatu. Gure lurrean bizitzeko eskubidea aldarrikatzen ari gara», adierazi du Samran bizi den Mahyoob M. Daraghmeh artzainak.
Edonola ere, elkartasun mugimendua osatzen duten kideek aitortzen dituzte korronte nagusitik kanpo egotearen mugak:«Ez diegu okupazioaren ekintzei erantzuten, ez daukagulako baliabide nahikorik. Israelek palestinarren etxe bat eraisten badu, ezin gara bat-batean beste bat eraikitzen hasi».
«Muga naturala»
Inor gutxik ezkuta dezake Jordan ibarraren garrantzi politiko, ekonomiko zein estrategikoa. Israelgo gobernuaren eta palestinarren arteko bake elkarrizketetan, lurren trukaketa polemikoaren eztabaidagai nagusia izan da.
Zisjordaniako bihotzean badago ere, Israelek ekialdeko «muga natural» gisa definitzen du. Benjamin Netanyahu lehen ministroak sarri nabarmentzen du bake akordioak berpiztu arren Israelgo armada beti mantenduko dela han. Bestalde, Avigdor Lieberman Atzerri ministroak argi adierazi du berriki Israelek ez duela ibarra utziko Siriako eta beste herrialde arabiarretako iraultzak gorabehera. Ezinbesteko segurtasun eremutzat jo zuen orduan, kanpoko eraso hipotetikoen aurrean «beharrezko balazta».
Israelek 1967an okupatu zuen Zisjordania eta ordutik definitzen du Jordan ibarra «eremu militar itxi» gisa. II. Intifadaren testuinguruan, banaketa harresia eraikitzen hastearekin batera, «ekialdeko eremu bereizi» gisa izendatzen hasi ziren tokia.
Haranean ezkutaturik, Israelgo armadaren entrenamendu zelai eta base militar dezente topa daitezke. Haranaren militarizazioa biziki deigarria da. Tankeak eta tiro zelaiak nonahi daude. Shawqiren ustez, kolonien eta bestelako azpiegituren ezarpenak militarren presentzia justifikatu nahi du: «Kolonoak babestu behar dituztelakoan, entrenamendu eta maniobra militarren parke bat bilakatu da harana».
Clarkek ere ez du zalantzarik: «C eremuko lurrak estatuarenak diren heinean, Jordan beretzat nahi du Israelek; ez segurtasun tapoi gisa, estatu hebrearreko edozein probintzia gisa baizik».
Israelen okupazioa. Jordan bailara
Ibar ahaztua
Jordan ibarra da Palestinako baliabide natural nagusien iturria. Israelek han judaizazio azkarra darama, eta bertakoak, lekuz aldatzera behartuta daude. Palestinarrak eta islaeldarrak lurren gaiaz aritu direnean, ibar hori izan da gai polemikoena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu