PSOEren krisiaren erdian egin dute Kataluniako sozialistek XIII. kongresua. PSC ere ez dago garairik onenean, prozesu subiranista hasi zenetik boto-emaile asko galdu baititu. Horregatik, alderdiko idazkari nagusi Miquel Icetak alderdia moldatu nahi du, Kataluniako jokaleku politikoaren erdian kokatzeko berriz ere PSC. Icetak "okerrak" onartu ditu, baina aurrera begiratu nahi du. Kataluniako ezkerreko beste alderdiak —ICV, EUiA, Podemos eta Barcelona en Comu— alderdi berri bat sortzekoak direnean, PSCko idazkari nagusiak "erasora" jo nahi du; proposatu du "bilgune sozialista bat" eratzea, "kantitatean eta kalitatean gora egiteko".
"Erresistitzearekin ez da nahikoa. Hau ez da erresistitzeko sortu zen alderdi bat, baizik eta borroka egiteko eta irabazteko". Icetak ez du siglen batasun soil bat sortu nahi; PSCren ateak ireki nahi ditu "Kataluniako sozialdemokrata guztiei" lekua egiteko. Horretarako, onartu du "eskuzabalak" izan behar dutela. Prozesu independentistaren inguruan garbi zehaztu du zein izango litzatekeen PSCren jarrera. "Independentistak ez diren katalanistak ordezkatu behar ditugu".
Joan den urriaren 15ean egin zituzten primarioen emaitzen berri eman du Icetak. 4.889 boto jaso zituen berak, eta alderdiaren buruzagitza eskuratu zuen. Nuria Parlonek 4.142 boto jaso zituen. Halere, Kataluniako sozialisten buruzagiak keinua egin die alderdiko beste sektoreei, eta iradoki du zuzendaritza talderako kontuan hartuko dituela.