Txad

Idriss Deby Txadeko presidentea hil da, errebeldeen aurka zauritua izan ostean

FACT talde armatuaren eta armadaren arteko liskarretan jasandako zaurien ondorioz zendu da, armadak jakinarazi duenez. Hiru hamarkadaz herrialdeko estatuburu izan da, eta bere seigarren legealdia hasi zuen atzo.

Idriss Deby Txadeko presidentea, artxiboko argazki batean. ABIR SULTAN / EFE
Julen Aperribai.
2021eko apirilaren 20a
15:51
Entzun

Gerra frontean jasandako zaurien ondorioz hil da Idriss Deby Txadeko presidentea, herrialde horretako armadak jakinarazi duenez. «Idriss Debyk azken hatsa eman berri du, lurraldearen defentsan», jakinarazi du Azem Bermandoa Agouna armadaren bozeramaileak, herrialdeko telebista publikoan irakurri duen adierazpen baten bidez. Zehazki, armadaren eta FACT Alternantziarako eta Konkordiarako Txadeko Frontearen arteko liskarretan jasandako zaurien ondorioz hil dela azaldu du.

Trantsiziorako kontseilu militar bat izendatu dute, behin-behinean, eta presidentearen semeak, Mahamat Idriss Deby gidatuko du. Halaber, desegin egin dute parlamentua. Kontseiluko buruak azaldu du datozen hemezortzi hilabeteetan bera buru duen erakundeak gidatuko duela herrialdea, eta «trantsiziorako bideorri bat» sortuko dutela. Horrekin batera, «trantsizio gobernu bat» eratuko duela ere esan du.

1990etik Txadeko estatuburua zen Debyk, eta bere seigarren legealdia hasi eta egun bakarrera galdu du bizia. Hauteskundeak egin zituzten Afrika erdialdeko herrialdean, apirilaren 11n, eta botoen %79,32 eskuratu zituen Debyk, hauteskunde batzordeak atzo jakinarazi zuenez.

Aparteko arazorik gabe egin zituzten hauteskundeak, baina armadaren eta errebeldeen arteko liskarren sorburu izan ziren. Jakina zen Debyk karguan jarraituko zuela, agintea lehiatu ziezaiokeenik ez baitzegoen. Oposizioko hiru zerrendaburuk euren hautagaitza atzera botatzea erabaki zuten, segurtasun indarrek gobernu aldaketaren alde kalera ateratako manifestarien aurka egin ostean, jazarpenaren beldurrez, eta gainerako sei hautagaiak Debyri garaipena lehiatzeko inolako aukerarik gabe ageri ziren.

Erreboltak hasi ziren hauteskundeen egunean bertan, herrialdeko iparraldean, FACTek gidatuta. Gorane etniako kideez osaturiko talde politko-militarra da FACT, eta 2016an sortu zuen UFDD Demokraziarako eta Garapenerako Indarren Batasuna alderditik bereizi zen talde batek, zeina Mahamat Nouri Debyren aurkari politiko baten alderdia den. Libian jarduten du taldeak, baina herrialde horretako muga igaro eta Txadeko Kanem eskualdean sartu zen. Eskualde hori kontrolpean zuela ziurtau zuen FACTek apirilaren 13an, eta eremu hori «askatzen» hasiko zela iragarri zuen handik bost egunera. Armadak gezurtatu egin zuen inguru hori galtzeko arriskua zuela, ordea. Aitzitik, joan den asteburuan «300 errebelde baino gehiago» hil zituela zabaldu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.