SAUDI ARABIAKO ERASOA

Ihes egindako ekintzaileen bila jarraitzen du Riadeko Poliziak

Ekintzaileek polizia batzuen lagutza jasotzea ukatu du Gobernuak, eta 5 talde islamista desegin dituela dio

Erredakzioa
2004ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Saudi Arabiako Poliziak larunbatean 50etik gora lagun bahitu zituzten ekintzaileen bila jarraitzen du. Khobar herriko petrolio konpainietako langileen aurkako erasoan 22 lagun hil eta 25 zauritu zituzten. Ekintzaileek 25 orduz izan zituzten gatibu bahituak, Poliziak esku hartu eta erasotzaileek ihes egin zuten arte. Riadeko iturri ofizialen arabera, erasoaren buruzagi Nimr al Bakmi zauritu egin zen eta atxilotu egin zuten. Segurtasun indarretako bederatzi lagun hil ziren esku hartzean.

Bahituetatik bederatzi ihes egiten ahalegindu ziren, eta erasotzaileek lepoa moztu zieten. Lekukoen arabera, orduan sartu ziren segurtasun indarrak Oasis bizigunean. Beste lekuko batek esan zuen Mendebaldeko jendea identifikatzeko eskatu ziotela; «Mendebaldeko jendeari eta amerikarrei bakarrik egin nahi diegu min. Esan diezagukezu nola bilatu?», adierazi zioten. Hildakoetatik gehienak atzerritarrak ziren: 8 indiar, hiru filipinar, hiru saudiar, bi sri lankar, estatubatuar bat, italiar bat, suediar bat, hegoafrikar bat, britainiar bat eta egiptoar bat. Barne Ministerioak operazio militarra oro har «arrakastatsua» izan zela uste du, 41 lagun bizirik atera baitziren. Riadek dioenez, ekintzaileek Oasis gunetik ateratzea lortu zuten bahituetako batzuk giza ezkutu gisa erabili eta lapurtutako auto batean ihes eginez. Ekintzaileen buruzagia bertan utzi zuten, tiroketan zauritu zelako. Erresuma Batuak Saudi Arabian duen enbaxadore Sherard Cowper Colesek ohartarazi du oso litekeena dela eraso gehiago izatea erreinu uahabian. Colesen arabera, militante ugari Khobarrekoaren moduko eraso bat prestatzen ari dira. Hala, Londresek Saudi Arabiara ez bidaiatzeko eskatu die britainiarrei; AEB Ameriketako Estatu Batuek, aldiz, Saudi Arabiatik ateratzeko eskatu diete beren herritarrei.

Aldarrikapena

Wegune batean jarritako audio zinta batean bere gain hartu zuen erasoa talde batek, Penintsula Arabiarreko Al Kaedaren izenean. «Arabiar penintsula sinesgabeez garbituko dugu», ohartarazi zuten.

Saudi Arabiako printze Turki al Faisalek adierazi du «ahalegin oro» egiten ari direla «terrorismoa borrokatzeko»: poliziaz eta zerbitzu sekretuez baliatuz, eta baita «terroristen filosofiari erasoz» ere. Zenbaitek atentatu edo erasoak eragozteko neurririk ez hartzea leporatu diote Saudi Arabiako Gobernuari, eta Poliziak ekintzaileei lagundu izana. Al Faisalek erantzun du «jomuga errazenak» aukeratzen dituztela ekintzaileek. Nabarmendu zuenez, iaztik hona sei ekintzaile saretatik bost indargabetu dituzte. Saudi Arabiako buruzagi erlijioso goren Abdulaziz bin Abdulak «islamaren etsaiek manipulatuak» izatea egotzi zien ekintzaileei. Abdala printzeak, Saudi Arabiako de factoko agintariak, herrialdearen «ekonomiari kalte egin nahi izatea» leporatu zien. Abdalak Egipto, Yemen, Siria, Qatar eta Arabiar Emirerri Batuen elkartasun mezuak jaso zituen. Hilabete batean petrolio interesen eta Mendebaldearen aurka izandako bigarren erasoa da asteburukoa. Maiatzaren 1ean, Janbu herrian bost atzerritar hil zituzten, Al Kaedak aldarrikatutako eraso batean. Iazko maiatzaren 12an, ostera, atentatu suizida multzo bat gertatu zen hiriburuan, eta 35 lagun hil ziren; horien artean, bederatzi ekintzaile. Saudi Arabian bizi den atzerritar kopuruari buruzko datu ofizialik ez dagoen arren, zenbait kalkuluren arabera 30.000 inguru dira. Gehienak babestutako biziguneetan bizi dira, Khobarren kasuan bezala.

LPEE aste honetan bilduko da, Beiruten

Etxe Zuriak ez zuen erasoari buruzko adierazpenik egin. Richard Lugar senatari errepublikanoak, berriz, Riadeko gobernua egin zuen erantzule. «Arazo nagusia da Gobernuak eskola koranikoak diruz laguntzen dituela. Eskola horietatik talde militanteetako kide bihurtzen diren gazteak ateratzen dira eta ez dituzte AEBen eta Saudi Arabiaren arteko harremanak kontuan hartzen».

Robert Baer CIAko kide ohiaren ustez, LPEEk (Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundea) aste honetan Beiruten (Libano) egingo duen bilerari ohartarazpen bat izan zen larunbateko erasoa. Baerrek dioenez, saudiar asko haserre daude Riadek petrolioaren ekoizpena handitu nahi duelako, urre beltzaren prezioa jaitsi eta AEBen ekonomiari laguntzeko. Bere ustez, erasotzaileek haserre horri erantzun diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.