Frantziako eta Europako politikagintzan lurrikara sortu zuen iaz Nicolas Sarkozyk Europa ekialdeko ijito etorkinak kanporatzeko hartutako erabakiak. Zalaparta izugarria izan zen,II. Mundu Gerraz geroztik mendebaldeko Europan etnia baten aurka egindako lehenbiziko masa deportazioa izateaz gainera, kanporatutakoak EB Europako Batasuneko herritarrak zirelako. Iskanbilak iskanbila, Sarkozyk 10.000 ijito inguru kanporatu zituen, eta EBk ez zion trabarik paratu. Orain, urtebete geroago, Europako Kontseiluak onartu du deportazioekin Frantziak erakunde horren Agiri Soziala urratu zuela; zehazki E artikulua, ez diskriminatzeari, eta etxebizitza eta familia eskubideari dagokiona.
Parisen aurkako kexa Ijitoen Eskubideetarako Europako Zentroak aurkeztu zuen duela urtebete. Europako Kontseiluko eskubide sozialen batzordeak kontuan hartu du hori, eta Errumaniako eta Bulgariako ijitoen kanporaketa haien eskubideen aurkako «urraketa larria» izan dela adierazi du. Horregatik, erakunde horren ministroen batzordeak Frantziari eskatu dio orain arte hartutako neurri guztiak azaltzeko, Ijitoen Eskubideetarako Europako Zentroari «erantzun bat eman ahal izateko». Era berean, Errumaniarekin eta Bulgariarekin elkarlana sustatzeko eskatu dio.
Europako estatuen txostena
Frantzia salatu duen txostena hamalau «aditu independentek» egin dute, eskubide sozialen batzordearen enkarguz. Europako Kontseilua II. Mundu Gerraren ondoren sortutako erakundea da. Estrasburgon (Frantzia) du egoitza, eta Europako 47 estatuk osatzen dute —Bielorrusiak eta Vatikanoak izan ezik, denek—. Vatikanoak berak, AEBek, Kanadak, Mexikok, Japoniak, Israelek eta Palestinak begirale gisa parte hartzen dute erakundean. Ministroen batzordea Atzerri ministroek osatzen dute, eta herrialde bakoitzaren demografiaren arabera eratutako parlamentua ere badu. Kontseiluaren erakunde garrantzitsuena Giza Eskubideetarako Europako Auzitegia da, Estrasburgoko Auzitegia bezala ezaguna. Giza eskubideen arloan kontinenteko auzitegi gorena da hori, eta kontseiluko kide diren estatu guztiek haren erabakiak onartzeko zina egina dute.
Eskubide Sozialen Agiria estatu guztiek sinatutako oinarrizko eskubideen aitorpena da. Frantziak hori urratu duela erratea kolpea da Sarkozyren gobernuarentzat, baina ataka batean paratuko lukeena Estrasburgoko Auzitegiaren ebazpen bat litzateke.
Kanporatzeen xedea kolokan
Frantziako Barne Ministerioaren arabera Bulgariako eta Errumaniako 10.000 ijito inguru erbesteratu zituzten iaz. Frantziako Gobernuak dioenez, legez kanpo eraikitako 700 kanpaleku topatu zituen 2010ean, eta horietako gehienak desegin zituen. Ijitoen aldeko erakundeek diotenez, Poliziaren presentzia nabarmen hazi den arren, Parisek ez du iragarritako helburua bete, ijito gehienak itzuli egin direlako, EBko herritarrak izanik, mugitzeko askatasuna dutelako. Romeurope erakundearen arabera, ekialdeko Europako herrialdeetan ijitoen kopurua egonkor mantendu da aurten, eta ondorioztatu du bidalitakoak Frantziara itzuli direlako izan dela hori. Munduko Medikuak erakundearen arabera, Paris inguruan bederatzi aldiz bidali, eta bertze hainbertzetan bueltatu diren ijito familien testigantzak bildu dituzte.
Iazko uztaileko testuingurua
Frantzian ijitoen kanpalekuakdirela-eta sortutako gatazkak noizean behin lehertu izan dira hiri eta herri anitzetan. Sarkozyk, baina, testuinguru zehatz batean hartu zuen kanpalekuen aurka jotzeko erabakia. 2010eko uztailean Poliziak bi ijito hil zituen tiroz; bata Grenoblen (hego-ekialdean), eta bertzea Saint-Aignanen (erdialdean). Istilu larriak izan ziren horren ondorioz. «Zuzenbiderik gabeko eremuak sortzen dituzten ijitoen kanpaleku basatien ezarpenarekin bukatu behar dugu, onartezinak baitira Frantzian», adierazi zuen Sarkozyk uztailaren 30ean Grenoblera egin zuen bisitan. Hitzaldi berean jakinarazi zuen aginte publikoaren aurkako delituak egiten dituzten atzerritarrei Frantziako naziotasuna kentzeko erabakia.
2007an presidente hautatu zutenetik, inkestek inoizko emaitzarik txarrenak iragarri zizkioten Sarkozyri. Horregatik, oposizioak salatu zuen ijitoak kanporatzeko neurria erabat populista zela, presidentearen ospea berreskuratzeko asmoz ezarria, aitzinetik burkaren inguruko eztabaidarekin egin bezala. Abuztuaren 6an desegin zuen Poliziak lehen kanpamendua, Saint-Etiennen (erdi-ekialdean). Kanporatutako heldu bakoitzari300 euro eman zizkion gobernuak, eta adingabeei 100.
NBE Nazio Batuen Erakundeak kanporatzeekin amaitzeko eskatu zion, eta EBtik kritika gogorrak etorri zitzaizkion, eta Europako Parlamentuak irailean deportazioak gaitzetsi zituen. Hilabete baten buruan, ordea, Bruselak jarrera erabat aldatu, eta Europako Batzordeak zuzentzat jo zuen Frantziaren jokabidea.
Ijitoen iazko kanporatzeekin Europako Kontseiluaren Agiria urratu du Frantziak
Diskriminazioa, eta etxebizitza eta familia eskubideak ez errespetatzea egotzi dio Parisi 47 herrialderen erakundeakIjitoen aldeko erakundeek diotenez, kanporatutako gehienak itzuli dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu