Ijitoen kanpalekuen %70 desegin ditu Frantziak dagoeneko

Sarkozyren gobernuak jada 3.741 lagun kanporatu ditu, eta horretan jarraitzeko asmoa agertu du

Erredakzioa
2011ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Atsedenik gabe ari da Frantziako Gobernua garbiketa lanetan. Bruice Hortefeux Barne ministroak atzo egindako adierazpenen arabera, dagoeneko desegin dituzte ijitoen kanpalekuen %70, eta horretan jarraitzeko asmoa dute.

Nicolas Sarkozy presidenteak hitza hautsi du, beraz. Izan ere, iazko uztailaren 28an esan zuen kanpalekuen erdiak baino ez zituela desegingo. Kopuru hori aspaldi gainditu du, ordea; dagoeneko 3.741 dira euren bizilekuetatik kanporatutako pertsonak. Gehienak Errumaniara eta Bulgariara bidali dituzte, haien sorlekutzat dituzten lekuetara.

Tarteka kanpaleku berriak agertzen direla adierazi du Hortefeuxek, baina horren aurkako neurriak ere hartzen dituztela ziurtatu du: «Kanpaleku berri bat ezartzen duten bakoitzean, osasun arloari, arlo juridikoari eta segurtasunari begiratzen dion prozesu bat jartzen dugu abian, haiek kanporatzeari ekin aurretik».

Pixka batean zeregin horretan jarraitzeko asmoa ere adierazi dio Le Parisien egunkariari: «Guztia konponduta dagoen? Ez horixe. Horrelako egoera bat ez da konpontzen urte erdian, baina ez dugu alde batera utziko».

Jokaldi kritikatua

Protesta gogorrak eragin zituen Frantziako Gobernuaren erabakiak iaz, herritarren zein politikarien aldetik. Viviane Reding Europako Batasuneko Justizia komisarioak nazien deportazioarekin alderatu zuen ijitoen kanporatzea, esanez horrelakorik ez zuela ikusi Bigarren Mundu Gerra amaitu zenetik.

Legez, ezin da gertatu etnian edo arrazan oinarritutako bazterketarik Europako Batasunean; horregatik, Frantziari espedientea irekitzekotan izan ziren. Azkenean, ordea, EBk «lekuz kanpokotzat» jo zituzten Redingen esanak, eta Sarkozyren alde egin zuen.

2010eko lehen bederatzi hilabeteetan jatorri errumaniarreko eta bulgariarreko 21.000 lagun baino gehiago kanporatu zituzten Frantziatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.