Abuztu erdialdean Frantzian egindako ikerketa batean, NBEk ohartarazi du ijitoen aurkako bortxakeria arrazistaren gorakada gertatzen ari dela herrialdean. Frantziari eskatu diote guztiz saihesteko deserritze masiboak. Izan ere, pertsona bakoitzaren kasua aztertu beharrean, irudi lezake Frantziak kolektibo oso bat duela jo-puntuan, Arraza Bazterketa Deuseztatzeko Batzordearen arabera.
Frantziako Atzerri Ministerioak atzo bertan erantzun zion NBEren txostenari. Hala, nazioarteko legeak eta haiekin lotzen duten itunak guztiz betetzen dituela ziurtatu du Frantziako Gobernuak.
Frantziako Gobernuaren erabakiak kezka eta ezinegona sortu ditu Europako Batzordeanere. Heldu den asteartean Europako Batzordeko ordezkaritza batek Frantziako Gobernuko hainbat ministro hartuko ditu Bruselan, gaiari buruz hitz egiteko.
Herenegun gauean, François Fillon Frantziako lehen ministroak Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko lehendakariarekin hitz egin zuen telefonoz, eta ziurtatu zion Frantziak guztiz betetzen duela Europako legedia. Europako Batzordeak ontzat jo ditu hitz horiek, baina azterketa bat egin behar duela ihardetsi dio. Hala, ikusiko balu ijitoen deserritzeak Europako legedia urratzen duela, Parisen aurkako prozedura zabalduko luke.
Vatikanoaren kritika gogorrak
Ijitoen deserritzeak gogorren kritikatu dutenetarik bat da Vatikanoa. Atzo Agostino Marchetto Immigraziorako Kontseilu Pontifikoko idazkariak adierazi zuen Frantzian gertatzen ari dena «holokausto baten antzekoa» dela. «Ezin gara poztu etengabe jazarriak diren etaholokausto baten biktima diren pertsona ahulen sufrimenduarekin», esan zuen Vatikanoko berri agentzia bati emandako elkarrizketan.
Poliziak ijito bat hil ondotik aurkeztu zituen neurriak
Jendarmeek ibiltari bat hiltzeagatik Saint-Aignanen (Frantzia) izan erasoen ondotik finkatu zuen Frantziako Gobernuak «ijito eta ibiltariei» buruz hitz egiteko bilera uztailaren 28an. «Krimenaren aurkako gerra» berretsi zuen orduan. Kontrol batean ez gelditurik, tiroz hil zuen 22 urteko ijito bat.Ijitoak bereizteko harresia egin dute Eslovakian
Michalovcen, Eslovakian, harresi bat egin dute herritar batzuek, Udalaren onespenarekin eta laguntzarekin, ijitoak bizi diren txabolategi bat bereizteko. Herritarrek diotenez, harresiarekin lapurretak saihestu nahi dituzte. Aurten amaitu dute harresiaren azken 50 metroak. Guztira kilometro erdia du.8.994
Kanporaketak. Urte hasieratik, guztira 8.994 ijito kanporatu ditu Frantziak Errumania eta Bulgariara. Uztailaren 28tik geroz, hots, Frantziako Gobernuak ibiltariei buruz egin bileraz geroztik 964 dira kanporatuak izan. Iaz, bi herri horietako 9.875 ijito kanporatu zituen Frantziak.Europar langileak izan arren, zirkulazioa mugatua zaie
Europako Batasunaren barnean izan arren, Bulgaria eta Errumaniako langileak ezin dira nahi bezala mugitu. Frantziak, Erresuma Batuak, Irlandak, Belgikak, Herbehereek, Alemaniak, Luxenburgok, Italiak eta Austriak oztopoak finkatu dituzte. 2013 arte, orduan behartuko delako zirkulazio librea denentzat.Schengen eremuan izango dira 2011ko martxoan
2011ko martxoan sartuko dira Errumania eta Bulgaria Schengen eremuan. Espazio horretan diren pertsona guztiek, baimena eskatu gabe, herrialde batetik bestera mugitzeko askatasuna dute. Ijitoen integrazioa hobetzen ez badute, sarreraren atzeratzea aipatu du Frantziak, baina hori ezeztatu du Europako Batzordeak.Hirurehun euroren truke, Errumaniara eta Bulgariara itzultzen ari dira ehunka ijito, bazterketa eta pobreziari ihes egiteko utzi zuten sorterrira.
Miseriatik miseriara
J. Berhokoirigoin. Baiona«Nahitara» itzultzen dira beren jaioterrira, Frantziako Immigrazio ministro Eric Bessonek dioenez. Neke da hori sinestea, herenegun Parisko Roissy Charles de Gaulleko aireportuan ziren 158ijito errumaniarren aurpegia ikusirik. Begitartea beltz, begirada galdua, Poliziak ireki bideari segitzen diotela isilik. Ezer gutxi dute, guztia bizkar gainean, jantzi poltsa bat ala umea, artetan musika tresna baino gehiago ogibide duten akordeoia.
Horien gisara ber egunean beste 125 ijito joan dira Lyongo aireportutik, sei egun lehenago beste 124 Paristik eta 61 Lyondik. Asko aipatu dira deserritzehauek, baina isilean kanporatzen direnak askoz gehiago dira eta ez da gauza berria.Immigrazio Ministerioak zehaztu duenez urte hasieratik 8.994 ijito kanporatu ditu Frantziak Errumania ala Bulgariara. Bataz bestean, herrira itzultzeen %80ak «nahitara» eginak izanki, beti ministerioaren erranetan. Iaz bi herri hauetako 9.875 ijito zituen kanporatu.
Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak «desagerrarazi» nahi dituen kanpamendu «ilegalak» bortxaz utzi behar izanik, egun batzuk polizia etxean iragan dituzte autobusez aireportura etorri aitzin. Hortik Bukarestera, batzuentzat sorterrira, umeentzat usu herri ezezagun batera, helduka 300 euro eta umeka 100 euroren truke.
Asko aipatzen da haien kanporaketa; harat heltzea, haatik, batere. Lagun eta familiaren ongietorririk ez dute Bukaresten, haiek maizurrun edota etorreraz jakinean ez izanki. Azkenaldi hauetan, hurbilekoen ordez, kazetari eta poliziak andana bat dute. Galdeketa bati erantzuten diote, balizko pasaporte bat dutenak herrira sartzen dira berehala, besteek kontrol andana pairatzen dute. Gehienetan, izan administrazio, osasun ala sozial arloan «inolako laguntzarik ez» zaiela proposatua dio Romeurope elkarteko Stephane Levequek. Lanbide proiektu bat abiarazteko Business plan deitu laguntza eskaini behar zaie, baina hori arras «marjinala» dela dio.
Etnia bat begi bistan
Errumanian da ijito komunitate handiena kausitzen. Errolda ofizialaren arabera, 530.000 dira; goberuz kanpoko erakundeen arabera, 2,5 milioi. Azken haien irudiko askok haien ijito nortasuna gordetzen dute, baztertua ez izateko. Hain zuzen ere, Baionako Gadje Voyageur elkarteko ordezkari Michel Molinak dioenez, Frantziara etorriz «miseriari ihes» egiten diote, «hemen bil ditzaketen porroskak, han ez dituztelako».
Giza Eskubideak-Romeurope deitu elkarte kolektiboak herenegun aurkeztu txostenean gogor salatu du kasu bakoitzean izan behar litzatekeen banakako azterketak ez direla egiten. Hori dela eta, «iraingarri eta ikusgai diren bizilekuen desagerpenaren helburuz, etnikoki determinatua den populakuntza bat begi bistan hartzen» dela dio kolektiboak. Frantziako Gobernuaren politika errepresiboak «prekarietatea areagotzen» eta «joera xenofobo eta arrazistak erraztea» gaitzesten dute.
«Ijito eta ibiltari batzuen joerek sortzen dituzten arazoei buruz» hitz egiteko Frantziako Gobernuak uztailaren 28an egin zuen bilera askok kritikatu dute, izan Ipar Euskal Herrian, Frantzian ala nazioartean. Ez dute onartu ijitoen eta delinkuentziaren arteko batzea, eta kezkati agertu dira, Gadje Voyageur elkarteko Molinak azaldu duenez, «arrazismoaren oinarrian amalgama aurkitzen delako».
Ijito eta ibiltarien artean egin nahasketa ere gogor kritikatua dute. Baionan bizi d Nikolas Gargowitche ijitoa, eta argi utzi nahi du euskaldun «sentitzen» dela eta bere familia guztiak frantziar herritartasuna duela aspaldian.
Ijito eta euskal herritar
Baionan bizi dira aspaldian50 familiatik gora beren karabanetan, Baiona-Angelu-Miarritze Hiri Elkargoak (CABAB) eman Landa Tipia zelaian. Frantziako Gobernuak azken denbora hauetan daukan joera ez dute ulertzen eta ezin dute ulertu. «Ezberdintasunaz beldur da jendea, eta Nicolas Sarkozyk sentimendu honetan eraikitzen du bere politika baztertzailea», dio Gargowitchek. Hori dela eta sentitzen duten bazterketa azkartuko dela dio kezkati.
Gune hori ez dela gaizki dio hor bizi duen semearen ikustera etorria denRute Mayeren ustez. «Denetan hemen bezala balitz, egoera ez litzateke gaizki», dio.
Urte guztian hor bizi direnek, haatik, zelai handiago bat nahi lukete, «elkarren gainean» direlako. Baina anartean hor gelditu beharkodira. Badakite Frantziako Besson legeak dioela 5.000 biztanle baino gehiago dituzten herriek zelai bat eman behar dietela, baina, baina badakite ere arau hau «ez dela kontuan hartua».
Christophe Desprez.Giza Eskubideen Ligako lehendakaria
Frantziako lehendakari Nicolas Sarkozyk egiten duen gisara immigrazioa eta delinkuentzia lotzea «arriskutsua» da,Ipar Euskal Herriko Giza Eskubideen Ligako presidenteak dioenez.
«Sarkozyk etnia oso bat estigmatizatu nahi du»
J.B. BaionaIjitoen kanporaketek min egiten diote Desprezi. Dakielako haien jatorrizko herrietan diskriminazio azkarra eta miseria aurkituko dutela, eta haren irudiko europarrak izanki hemen geratzeko askatasun osoa dutelako.
Nola hartu zenuen Sarkozyk ibiltariei buruz egin diskurtsoa?
Ezin onartuzko diskurtsoa du eta entzuteak min egin zidan. Hasi baino lehen zehaztu behar da ibiltariez mintzo garenean zertaz ari garen. Sarkozyk dena zaku berean sartzen du baina ibiltarien artean jatorri, historia eta kultura ezberdinak daude. Azken aldi hauetan errumaniarrez mintzo gara baina ez dira horiek bakarrik. Ijitoetan badira talde asko, adibidez Espainiatik datozen gitanoak, Alemaniatik jin sinteak. Hauek aspaldian Frantzian dira eta frantziar herritartasuna badute. Horrez gain, Angelun kokatutakoen gisara, herriz herri doazen saltzaileak edo ebanjelistak badira, haiek ere frantziarrak. Hots, egoera ezberdin asko badira eta ezin da dena nahastu.
Justuki, zure irudiko zergatik horrela nahastenditu guztiak?
Benetako pilori politika da Sarkozyrena. Amalgamak eginez etnia oso bat estigmatizatzen du. Oroit gara bere diskurtsoa atera zuela Poliziak ijito bat hiltzeagatik izan erasoen ondotik. Geroztik, errumaniarren kanporatzen ari da. Maleruski ez da berria, etorkinekin eta paper gabeekin berdin ari da. Segurtasunik eza eta atzerritarrak beti lotzen ditu. Jakin behar luke, politika bat ezin dela parean duen giza taldearen arabera moldatu.
Zure ustez,zein da haren helburua?
Helburu hura edo haren lortzeko ari dela erratea ez zait asko gustatzen. Dena den, diskurtso arriskutsu hau atera du eta hori da larria. Hala ere, argi da ber unean afera finantzario batzuek gobernua trabatzen zutela eta hauetarik urrundu nahi duela herritarren begirada. Hauteskunde batzuen bezperan gara ere eta hori ez da ahantzi behar.
Kanporaketa hauek legezkoak dira?
Izan Errumania ala Bulgaria Europar Batasunean izanki, Europan mugitzeko askatasuna daukate herri horietako herritarrek.
Frantziako Gobernuak dio hautuz joaten direla.
Ez naiz ados. Immigrazio ekonomikoa izanki argi da harat joanez gero berriro etorriko direla. Ez dute ezer han eta gainera bazterketa handia pairatzen dute. Ikusten delarik Frantziako kokaguneak nola deseginak izan diren argi da ez dutela hauturik ukan baina behartu dituztela. Gutxi zuten eta gutxi hura desegina izan zaie. Horrez gain, haien herrira itzultzeko ordaintzea jasangaitza da, abereak bezala artatzen ditu gobernuak. Frantziak hango gobernuekin hitz egin nahi du, immigrazioa jatorrian oztopatzeko. Laster Errumanian ala Bulgarian egingo dituzte erretentzio zentroak!
Frantziar herritartasuna duten ibiltariei doakienez, haien eskubideak errespetatuak al dira?
Hori beste arazo bat da. Udan ibiltariak asko mugitzen dira eta argi da haien kokapenerako zelaiak eskas direla. Hori agertu da Angelun ala Bokalen. Besson Legeak dio 5.000 biztanle baino gehiago duten herriek zelai bizigarri bat proposatu behar dietela, hau da, ura, elektrizitate kableekin baita ur zikinen husteko gunearekin. Baina, lege hau ez da errespetatzen. Azken finean zelai publiko ala pribatuetan kokatzen direnean jendea haserre da, baina errealitatean herriko etxeek ez dute legea errespetatzen.
Eragile askok alarma gorria piztu dute. Nola ihardukitzen diezu horrelako erreakzioei?
Plazerez, eskerrak batzuk Sarkozyren politika ozen salatzen dutela. Presidenteak Frantziaren itxura zikintzen du eta haren baloreen aurka doa. Argi da erreakzionatu behar dugula. Ipar Euskal Herrian ere mugitzen hasten gara, irailaren 4ean egingo dugu, 11:00 tan Baionako Askatasun plazan. Ibiltariek jasan politikaz haratago,gobernuaren estigmatizazio politika gaitzetsiko dugu.