«Heriotza Erresuma Batuari!», «Heriotza AEBei!», «Heriotza Israeli!», oihukatu dute Londresek Irango hiriburuan duen enbaxadaren aurrean bildutako ehunka ikasle islamikok. Unibertsitateko erakunde ultrakontserbadoreek deitu zuten atzoko manifestaziora, Erresuma Batuak iragan astean Iranen kontra ezarritako finantza neurrien aurka protesta egiteko. Enbaxadaren bi egoitzatan sartu dira hiru aldiz ikasleak, harresiaren atean gora igota. Bandera kendu, erre, eta Irangoa jarri dute haren lekuan, hainbat agiri txikitu dituzte, eta kalteak eragin dituzte egoitzan. Londresen eta Teheranen artean aspaldidanik gaiztotuta dagoen harremana gehiago tenkatu du atzokoak, eta tentsioa igo du. David Cameron lehen ministroaren gobernuak gogor gaitzetsi du «bandalismo ekintza onartezina», eta «ondorio larriak» iragarri ditu.
«Goazen Erresuma Batuaren enbaxadaren jabe egitera!», esanez sartu dira ikasleak, 1979an AEB Amerikako Estatu Batuen enbaxadaren inbasioa gogora ekarriz. Ikasle islamikoak 444 egunez okupatu zuten AEBen enbaxada, Ruhola Jomeini aiatolaren erregimenaren babesarekin, eta Washingtonen eta Teheranen arteko harremanak etetea eragin zuen.
Zigorrei erantzuna
Irango Parlamentuak Londresekin harreman diplomatikoak nabarmen gutxitzeko legea onartu eta bi egunera etorri da enbaxadaren inbasioa. Legebiltzarrak gehiengo oso zabalez onartutako legeak Erresuma Batuan dituzten enbaxadoreak kentzea ekarriko du. Indarrean sartu ahal izateko azken izapidea herenegun bete zuen, hain zuzen ere, legeak, Iraultzaren Zaindarien Kontseiluak haren konstituzionaltasuna berretsita. Orain, Irango Atzerri Ministerioak bi asteko epea du legea bete eta Londresekiko harreman politikoak eta ekonomikoak minimora jaisteko.
Harremanen murrizketa iragan astelehenean Erresuma Batuak ABEekin eta Kanadarekin batera Iranen kontra hartutako finantza zigorrei emandako erantzuna da. Iranekin finantza transakzio oro bertan behera lagatzea erabaki dute hiru herrialdeek, baita Irango Banku Zentralarekin ere. Finantza zigorrez gain, ordea, Irango petrolio eta petrokimika sektoreen kontrako neurriak ere hartu ditu Londresek. Bi herrialdeen arteko negozioek 600 eta 800 milioi dolar artean mugitzen dituzte, baina kopuru hori galtzeak ez dio gehiegizko kalterik eragiten Irani, gainontzeko estatuekin dituen negozioetan 190.000 milioi dolar mugitzen baititu. IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren txostenean oinarritu dira zigor horiek ezartzeko. Teheranen programa nuklearrak alderdi militarra ere baduen susmoa agertu dute txostenean, baina Mahmud Ahmadinejad presidenteak behin eta berriz ukatu du horrelakorik, eta programa nuklearraren erabilera bakarra zibila dela berretsi.
Azken hiru hamarkadetan oso gorabeheratsua eta korapilatsua izan da Londres eta Teheranen arteko harremana. 2009an, esaterako, Segurtasun Nazionaleko Batzordeko buru eta Parlamentuko Atzerri Politikako buru Alaedin Borujerdik presidentetzarako bozen osteko protestak sustatu izana leporatu zion Londresi. Ahmadinejadek irabazi zituen hauteskundeak, baina oposizioko alderdiek ustelkeria salatu zuten. Poliziak gogor egin zuen manifestarien kontra, eta gutxienez 70 lagun hil zituen. Oraingoan, ordea, programa nuklearraren auziak gaiztotu egin du harremana.
«Irainduta sentitzen gara. Guztiz onartezina da, eta gaitzetsi egiten dugu enbaxadaren kontrako erasoa», adierazi du Erresuma Batuko Atzeri Ministerioak. AEBetako, Alemaniako, Errusiako, Frantzia eta Italiako gobernuek euren babesa adierazi diote Londresi, eta enbaxadaren inbasioa gaitzesteaz gain, nazioarteko diplomazialariak babesteko eskatu diote Teherani. «Irango Gobernuak berehala erantzutea espero dugu, egoera kontrolpean izan dezan, eta gure langileen eta egoitzen segurtasuna berma dezan», eskatu du Erresuma Batuak. Izan ere, nazioarteko legediaren arabera, Vienako Konbentzioa barne, Teherango gobernuari dagokio bere lurraldean dauden nazioarteko diplomazialariak eta enbaxadak babestea.
Ahmadinejaden mamua
Irango Gobernuak esan du «manifestari batzuen» jarrera «onartezina» izan dela, baina erasoen atzean gobernua bera dagoela ere iradoki dute hainbat komunikabidek, Ahmadinejaden mamua astinduz. Izan ere, Iranen ezinezkoa da manifestazio bat antolatzea onarpen ofiziala jaso gabe, 2009ko bozen ostean argi geratu zen legez. Gainera, susmagarritzat jo dute enbaxadaren aurrean telebistentzat eta argazkilarientzat plataforma bat prest egotea eta hainbat poliziak ikasleei harresiari salto egiten laguntzea.
Lehen erasoan, eguerdian,Erresuma Batuak Teheran erdialdean duen enbaxadara sartu ziren 300 lagun inguru. Hiru ordu geroago, enbaxadak hiriaren iparraldean duen beste egoitza batean sartu ziren dozenaka manifestari. Eta arratsaldean berriro sartu ziren enbaxadaren egoitza nagusira. Arrautzak, harriak eta molotov koktelak jaurti zizkioten egoitzari, baina ez da zauriturik izan, enbaxadako langileek alde egitea lortu baitzuten. Irango Poliziak, dena den, enbaxadaren bi egoitzak hustu ditu, manifestariei aurre egin ostean. Atxilotuta daude hainbat lagun.
Ikasleen erasoak tentsioa igo du Teheranen eta Londresen artean
Ehunka ikasle islamiko bildu dira Erresuma Batuak Irango hiriburuan duen enbaxadaren aurrean, eta hiru aldiz sartu dira bertanDavid Cameronen gobernuak erasoak gaitzetsi ditu, eta «ondorio larriak» iragarri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu