Egiptoarrak goizean goizetik modu masiboan joan dira Hosni Mubarak presidentearen ondorengo lehen hauteskundeetan botoa ematera gaur, eta bozkalekuen kanpoaldean ilara luzeak sortu dira. Istilurik ez da izan oraingoz, baina armadak ohartarazi du ez duela "zalaparta" izatea utziko.
Lehen orduetan lasaitasuna nagusi den arren, Hauteskunde Batzordeak lehen irregulartasunak salatu ditu. Anaia Musulmanen Askatasuna eta Justizia Alderdiak zenbait bozkalekuen kanpoaldean propaganda banatu duela jakinarazi du, eta beste zenbait bozkaleku, berandu ireki dituztela.
50 egiptoar botoa ematera deituak
Gaur goizean hasi dira Egipton Hosni Mubarak presidentearen ondorengo lehen hauteskundeak. Otsailaren 11n eman zuen dimisioa Mubarakek, eta harrezkeroztik Junta Militarrak agindu du herrialdean, herritarren oposizioarekin, azaroan, batik bat.
Bozkalekuak 07:00etan zabaldu dituzte, eta 18:00etan itxiko dira. 50 milioi egiptoar daude botoa ematera deituta eta Parlamenturako 498 ordezkari eta Senaturako 180 hautatu beharko dituzte. Hauteskunde sistema berria da eta hainbat fase izango ditu; gaurkoa lehenengoa da.
27 probintzia, hiru multzotan
Gaur eta bihar bederatzi probintzitan izango dira Parlamenturako hauteskundeak, tartean Alexandrian eta Kairon. Hautagaiek gutxieneko kuoroma lortzen ez badute bigarren itzulia abenduaren 5ean eta 6an egingo da. Beste bederatzi probintzik abenduaren 14an eta 15ean egingo dituzte bozak, eta azken bederatziek, urtarrilaren 3an eta 4ean. Horietan ere bigarren itzuila behar izanez gero, astebete geroago egingo da.
Senaturako hauteskundeak urtarrilaren 29an, otsailaren 14an eta martxoaren 4an egingo dira, horietan ere probintziak hiru multzotan banatuta.
Profesionalak, beharginak eta nekazariak
Bi ganberetako bi heren zuzenean hautatuko dituzte hautesleek. Hirugarrena hautagai independenteetako gordeta dago. Hautetsien erdia profesionalak izan behar dute, eta beste erdia beharginak edo nekazariak, Gamal Abdel Nasser presidente zela ezarritako lege baten arabera. Hautagaitza bakoitzak, gainera, emakume bat izan behar du.
Hauteskundeetako emaitzak ez dira hilabete batzuk pasa arte ezagutuko. Hala ere, gaur bozkalekuetan egiten diren inkestak zer gertatuko den aurreratzea espero da. Legebiltzarkideak hautatu ostean, horiek batzar konstituziogile bat izendatuko du, eta Konstituzio berriarekin Mubaraken dimisioaren ostean zabaldutako trantsizioa ixtea espero da.