IRAKEKO OKUPAZIOA

Inbasioaz geroztik borrokarik latzenak izaten ari dira egunotan

Igandetik 60 bat irakiar eta 12 bat okupatzaile hil dira; Al Sadr erlijioso xiita atxilotzeko agindu du epaile batek

Erredakzioa
2004ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Indarkeria oldeak segida izan zuen atzo Irakeko hainbat hiri eta auzotan. Okupazio indarrek larunbatean Mustafa Jakub erlijioso xiita atxilotu zuten Najaf hirian, eta horren kontrako protesten ondorioz inoiz baino biziago piztu da indarkeria. Egunotan, guztira 60 bat irakiar eta okupazio indarretako dozena bat soldadu hil dira. Muktada al Sadr erlijioso xiitaren ordezkaria da Jakub, eta hark bezalatsu, Saddam Hussein agintean zela aita galdu zuen, exekutatuta. Al Sadren milizia, Mehdiren Armada, kalera atera zen, okupatzaileei aurre egitera eta hura babestera.

Erasoak han eta erasoak hemen, Irakeko Behin-behineko Gobernu Kontseiluko txandakako presidente Massud Barzanirekin bildu zen atzo NBEren ordezkari berezi Lakhdar Brahimi, ekainaren 30erako Estatu Batuek espero bezala subiranotasuna nola itzuli prestatzeko.AEBek gidatzen duten koalizioko eledun Dan Senorrek atzo iragarri zuenez, epaile irakiar batek Al Sadr atxilotzeko agindu du, duela urtebete aurkari bat, Abdel-Majid al-Khoei erlijiosoa, hiltzeko agindu zuela leporatuta. Atxiloketa agindua, berez, duela hilabete batzuk zabaldu zuen epaileak, baina orain arte ezin izan dute Al Sadr atxilotu. Azken egunotan Bagdad hegoaldeko Kufa hiriko meskita batean aterpetuta dago, milizianoek babestuta. Senorrek ez zuen zehaztu noiz atxilotuko duten, baina «oharkizunik ez» dela izango esan zuen. Jakuben atxiloketaren haritik Al Sadrek matxinadarako deia egin ondoren izandako borrokarik latzena Bagdadeko Madinat al Sadr edo Sadr City auzo xiitan gertatu zen igandean; hain justu, Muktada al Sadr erlijiosoaren aitaren omenez izena duen eremuan. Haren 500 bat jarraitzaile armatuk teilatuetik eta eraikinen atzealdetik eraso zieten AEBetako soldaduei. Mediku iturrien arabera, tiroketetan 30 irakiar hil eta 110 baino gehiago zauritu ziren; gainera, AEBetako soldadu hil ziren. Borrokak AEBetako tanke multzo bat sartzean amaitu ziren.Herenegun bertan, Espainiako Armada nagusi den Plus Ultra Brigadak Najaf hirian duen baseari eraso zioten miliziano xiitek. Borroketan 22 irakiar eta El Salvadorko soldadu bat hil ziren. Handik ordu batzuetara, base berari eta Diuaniakoari morteroz eraso zioten, baina ez zen kalterik izan. Halere, Plus Ultra Brigadak Diuanian zuen aginte gunea Najafera eramatea erabaki zuen, erasoen ondorioz.

Faluja setiatuta eta itxita

Atzo AEBetako soldaduek Faluja hiria erabat itxi eta inguratu zuten. 1.200 bat marine eta Irakeko segurtasun indarrek osatutako bi batailoi hiria menperatu nahian zebiltzan. Berau Triangelu Sunita-ko arriskutsuenetakoa da okupatzaile zein kolaboratzaileentzat. Atzo hainbat tiroketa eta eztanda izan ziren bertan. Marine bat hil zela jakin zen ere.

Hiriburuko beste auzo xiita batean, Ash-Shualan Mehdiren Armadako ekintzaileak tiroka aritu ziren AEBetako soldaduen kontra. Haien ibilgailu blindatu bat sutan eta helikoptero bat airetik eremua kontrolatu nahian ikus zitezkeela adierazi zuten lekukoek. Hegoaldeko hainbat hiritan Al Sadren jarraitzaileek eserialdi eta manifestazioak egiten zituztelarik, milizianoak harat-honat zebiltzan, Erresuma Batuko soldaduei erasoak jotzen. Manifestariek Irakeko Poliziaren zenbait komisaria okupatu zituzten. Basoran milizianoek Gobernadorearen bulegoa okupatu eta soldadu britainiarrekin tiroka jardun zuten. Irakiar bat hil zen.Ondoko Amara hirian ere antzeko borrokak izan eta bi ekintzaile irakiar hil ziren britainiarrekin izandako tiroketetan. Najafen ekintzaileek poliziak komisarietatik bidali zituzten, nahiz eta beraiek geroago beraietara itzuli ziren. Iparraldean ere izan zen erasorik. Erasotzaile suizida batek zeraman autoa leherrarazi zuen AEBek Kirkuk hirian duten baseko sarreran. AEBetako soldadu bat eta sei irakiar hiltzeaz gain, beste sei soldadu zauritu zituen.Mosulen, errepide bazterrean ezarritako bonba batek AEBetako soldadu bat hil zuen. Horrez gain, igandean ekintzaileek Portugalgo hiru soldadu eta Italiako beste bi zauritu zituzten Nasiriatik 30 kilometrora egindako segada batean.Egunotako oldarraldi eta erasoak ikusirik, atzo AEBetako Armadak Irakerako duen Aginte Nagusiko buru John Abizaidek Pentagonoari eskatu zion azter dezala Irakera tropa gehiago bidaltzeko aukera.Washingtonek Iraken ezarritako administrazioko buru Paul Bremerrek, berriz, Muktada al Sadri ohartarazi zion ez duela «matxinadarik» onartuko. «Gure tropek irakiarren segurtasuna berrezarriko dute».Gobernu Kontseiluko kideekin bildu ondoren Al Sadri esan zion «legetik at» jarri dela. «Arazoak ditugu segurtasun alorrean. Al Sadren agindupeko taldea legezko agintetik, koaliziotik eta agintari irakiarrengandik kanpo atera da». AEBetako presidente George Bushek atzo berretsi zuen ekainaren 30ean «itzuliko» diela irakiarrei subiranotasuna. «Datak tinko dirau».

-

ERRESISTENTZIA



 

Xiiten oldarraldiak beste fronte bat ireki dezake





AEBek gidatutako inbasio indarren kontrako erresistentzia, orain arte, musulman suniten aldetik sortu da gehienbat, baina azken egunotako erasoetan miliziano xiitak izan dira nagusi. Adituen ustez, musulman xiiten oldarraldiak eten ezean, beste fronte bat ireki daiteke. Ez nolanahikoa, gainera; izan ere, xiitak gehiengoa dira Iraken. Orain arte AEBen kontrako erasoetan ez dute esku-hartze handirik izan, baina egoera aldatzen ari da. Al Sadr erlijioso gazte erradikala sutsu mintzatu da okupazioaren kontra; orain arte xiitengan eragin handirik izan ez arren, okupazioak jarraitzeak haren eragina areagotzen ahal du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.