Indarkeria gelditzeko eskatu dio NBEk Siriari, laguntza helarazteko

Damaskon 11 lagun hil dira bi atentatutan; NATOk adierazi du ez duela Sirian esku hartzeko asmorik

Erredakzioa
2012ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Ban Ki-moon NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak gogor egin dio Baxar al-Assad Siriako presidenteari, eta laguntza humanitarioa helarazteko «berehala» indarkeria amai dezan eskatu dio. «Hilketek ez dute etenik. Herritarren bizilekuak bonbardatzen ere jarraitzen dute», salatu du NBEren idazkari nagusiak.

Banek adierazi duenez Damaskok ez du errespetatzen NBEren eta Arabiar Ligaren mandatari berezi Kofi Annanen plana. NBEren idazkari nagusiak salatu duenaren arabera, errealitatea ez dator bat su-etena indarrean sartzeko Damaskok hartutako konpromisoarekin. Giza laguntza lehenbailehen helarazi nahi du NBEk. Nazioarteko 300 behatzaileak bidali aurretik indarkeria eteteko exijitu dio horretarako Al-Assadi. Une honetan sei begirale daude, Annanen plana betetzen den aztertzen. Datorren astean 30 behatzaile gehiago iritsiko dira herrialdera.

Atzo, hain zuzen ere, Damaskoko Al-Maidan auzoan bi bonba zartarazi zituzten meskita baten kontra. Suizida batek soinean zeraman karga leherrarazi zuen, eta, horren ondoren, beste bonba bat lehertu zen toki berean. Gutxienez 11 lagun hil ziren erasoetan, eta gobernuak eta oposizioak elkarri leporatu diote gertakaria.

«Baldintzak inposatzen»

Oposizioko Aldaketaren eta Askatasunaren aldeko Herri Fronteak adierazi du Mendebaldeak Sirian indarkeriak jarraitzea nahi duela, «euren baldintzak inposatzeko». Mendebaldeko herrialdeek herrialde arabiarretan nagusitasuna mantendu nahi dutela salatu dute.

Herenegun oposizioko talde batek trantsiziorako gobernu nazionala eratu zuen, eta nazioartearen esku hartze militarra eskatu zuen. Anders Fogh Rasmussen NATOko idazkari nagusiak beste behin esan du ez dutela Sirian esku hartzeko inolako asmorik. Gatazkarentzat irtenbide bat lortzeko Annanen plana babestu du Rasmussenek, eta «Siriako erregimenaren portaera» gogor gaitzetsi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.