Indarkeriaren gorakada eteteko, segurtasunaren goi bilera egingo dute Nigerian

NBEk erasoak gaitzetsi ditu; Boko Haram muturreko talde islamistak hartu ditu bere gain atentatuak

2011ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Goodluck Jonathan Nigeriako presidenteak presazko bilera batera deitu zuen Eguberri eguneko atentatuen ostean, eta urtearen hasieran segurtasunaren inguruko goi bilera bat egitea erabaki dute, egungo indarkeria egoera geldiarazteko irtenbideak bilatzeko. Armadako buruzagiek, hain justu, datorren urtea «segurtasunaren urtea» izendatzeko eskatu diote presidenteari.

Gutxienez berrogei lagun hil zituzten igandean eliza kristauen aurka egindako hainbat atentatutan. Erasorik bortitzena Madalla hirian egin zuten, Abuja hiriburutik gertu. Bertako Santa Teresa elizaren aurkako atentatuan gutxienez 35 lagun hil zirela jakinarazi dute. Boko Haram muturreko talde islamistak hartu du bere gain erasoa, eta Nigerian lege islamikoa ezartzen ez duten bitartean atentatuak egiten jarraituko duela ohartarazi du. Izan ere, xaria ezarri nahi dute herrialdean.

Nazioartean oihartzun handia izan dute erasoek, eta hainbat herrialdetako ordezkariek gogor gaitzetsi dute Eguberri egunean jazotakoa. NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Ban Ki-moonek, esaterako, «eraso alderdikoiak» geldiarazteko eskatu du. Izan ere, igandeko erasoaz gain, azken hilabeteotan hainbat atentatu egin dituzte islamistek herrialdeko kristauen aurka. Hilabete honetan, gutxienez 65 lagun hil dituzte atentatuetan. Herritarren %50 musulmanak dira, eta %40 inguru, aldiz, kristauak.

Afrikako Batasunak, berriz, azaldu du Boko Haramek egiten dituen erasoak ezin direla ezein erlijioren izenean arrazoitu. Intolerantzia eta terrorismo ekintza oro gaitzesten duela berretsi du erakundeak. Aita santuak, bestalde, errespetuaren, maitasunaren eta adiskidetzearen alde egin du, eta bakea lortzeko bide bakarrak horiek direla nabarmendu. Catherine Ashton Europako Batasuneko diplomazia buruak «eraso koldarrak» izan direla salatu du. Jonathan presidenteak, berriz, herritar guztiei erasoen aurka bat egiteko eskatu zien herenegun. AEBetako Etxe Zuriak, Erresuma Batuak eta Frantziako presidenteak ere hitz egin dute, besteak beste, guztiek ere kristauen aurkako erasoak gaitzetsiz. Israelek erasoa gaitzesteaz gain, laguntza medikoa bidaliko duela hitzeman du.

Inoizko atentaturik handiena

Boko Haram indarra hartzen ari da herrialdearen iparraldean, non gehienak musulmanak diren. Geroz eta atentatu bortitzagoak egiten dituzte, eta Eguberri egunekoa talde islamistak inoiz egin duen handiena izan da.

Gobernuak gogor erantzungo duela jakinarazi du, eta jada soldadu ugari bidali ditu iparraldera. Herritar askok, ordea, militarren presentziak negoziazio bidezko irtenbidea oztopatzen duela uste dute. Iaz, Gabonekin batera ere hainbat atentatu egin zituzten eliza kristauen aurka eta 32 lagun inguru hil zituzten erasoetan.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.