Independentistak Sareak Eskoziako bidea txalotu du

Independentziaren bidean pausoak eman behar direla aldarrikatu du, eta dei egin du Euskal Herrian indarrak batzera. Joseba Permach ezker abertzaleko kidearen ustez, "Eskoziako prozesua oso garrantzitsua da euskal independentismoarentzat". 

2012ko urtarrilaren 26a
19:12
Entzun

Independentistak Sareak Eskoziako Gobernuak 2014rako independentziari buruzko erreferenduma deitzea "txalotu" egin du. "Bidean aurrera egiteko urratsak egin behar dira, hitzek soilik ez dute balio ekimenez lagunduta ez badatoz", esan du, ohar batean.

Euskal Herrian independentistek indarrak uztartzeko gai izan behar dutela adierazi du plataformak, "norberaren erritmoak, nortasuna eta bide propioa errespetatuz, elkarlanerako aukerak aztertu eta baliatzeko, horrek indartsuago egingo baikaitu". Helburua: Euskal Herria estatu independente bihurtzea. "Horixe da onena aske bizitzeko, gure nortasuna, hizkuntza eta kultura zaintzeko, gure ekonomia inposatzen diguten hondamenditik salbatzeko eta jendarte aurreratu eta justua eraikitzeko".

Uste du Espainiako Estatuak ez duela begi onez ikusten Eskoziaren bidea, "ez baitu aitortzen herrien erabakitzeko eskubidea". Hala, Independentistak Sarearen arabera, estaturik gabeko herriek independentziaren defentsan bat egin beharko lukete.

2010ean sortu zuten sarea. Norbanakoek osatzen dute.

Joseba Permach ezker abertzaleko kidearen ustez ere, "Eskoziako prozesua oso garrantzitsua da euskal independentismoarentzat". Infozazpi irratian elkarrizketatu dute gaur hura.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.