Katalunia

Independentistek gehiengoa galdu dute Kataluniako Parlamentuan

Parlamentuko mahaiak baztertu egin ditu JxCren lau diputatu auzipetuen boto delegatuak. Roger Torrent parlamentuko presidenteak proposatu du neurria eta haren alde bozkatu dute ERCk eta PSCk.

Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidentea (eskuinean) eta Josep Costa lehen presidenteordea (ezkerrean), parlamentuko mahaiaren bilkuran, joan den astean. TONI ALBIR, EFE
2018ko urriaren 9a
07:15
Entzun

Kataluniako Parlamentuko Mahaiak hartu du erabakia. Ez ditu onartu JxCko lau diputatu auzipetuen boto delegatuak, eta, beraz, ezingo dute bozketetan parte hartu. Neurriak Carles Puigdemonti, Jordi Turulli, Josep Rulli eta Jordi Sanchezi eragiten die. Eta horrek, parlamentuko indarren oreka aldatuko du. Izan ere, independentistek ez dute gehiengo osorik JxCko lau diputatu auzipetuen botorik gabe.

Gaur bertan ikusi da lehen ondorioa. Osoko bilkura egin dute, eta hainbat bozketa egin dituzte. Gehiengoa galtzeak ekarri du, adibidez, "Kataluniaren autodeterminazio eskubidea berresteko" aurketutako testua ez onartzea.

Hain justu, jarreraz aldatzeko eskatu dio ERCk JxCri, eta auzipetutako bere lau diputatuen ordezkoak izendatu ditzala, aurretik ERCko Oriol Junquerasek eta Raul Romevak egin bezala. JxC, baina, ez da prest agertu diputatu auzipetuak ordezkatzeko, eta bere "marra gorria" dela adierazi du. Mahaiaren erabakiarekin, JxC presiopean jarri du alderdi errepublikarrak. Baina Puigdemonten taldeak bereari eutsi dio.

ERCk argudiatu du Torrentek ezin dituela JxCren diputatu auzipetuen botoak ontzat eman, horrek Kataluniako Parlamentuaren jarduna geldiaraziko lukeelako eta "abenduaren 21eko mandatua" betetzea eragotziko lukeelako.

Parlamentuko letratuek ohartarazi dute JxCko diputatuek botoa delegatzea ez datorrela bat parlamentuak adostu zuen formularekin. PSCk, berriz, Auzitegi Konstituzionalera joko duela ziurtatu du, Torrentek JxCko diputatu auzipetuen botoa ontzat emanez gero. Beraz, lau diputatu horien botoei balioa aitortu izan balie, ondorio juridikoak pairatzeko arriskua izango zukeen Torrentek.

Nolanahi ere, JxCren diputatuen botoak onartu ez arren ere, Konstituzionalera jotzeko asmoa azaldu du Ciudadanosek, bere ustez, ezin baitira zenbatu ERCko diputatuenak ere.

Lau boto gutxiagorekin, aurrera

Elsa Artadi Generalitateko bozeramaileak ziurtatu du Kataluniako gobernua eta ERC eta JxC talde parlamentarioak legealdiarekin aurrera jarraitzeko konpromisoari eusten diotela, lau boto gutxiagorekin ere. Artadik ez du baloratu parlamentuko mahaiaren erabakia, baina azaldu du JxCren erabakia taldeko diputatu guztien jarreran oinarritzen dela, "espetxean eta erbestean direnak barne".

Hain justu, JxCko lau diputatuek ohar bat kaleratu dute adieraziz parlamentuko mahaiaren erabakia onartzen dutela. ERCren eta JxCren 61 diputatuak nahikoa izatea espero dute, legealdiarekin aurrera jarraitzeko eta Generalitateari eusteko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.