Inbestidura saioan Sanchez babesteko eta legealdirako akordioa izenpetu dute PSOEk eta Ciudadanosek Espainiako Diputatuen Kongresuan. Pedro Sanchezek bera keta Albert Rivera Ciudadanoseko presidenteak sinatu dute hitzarmena, bi alderdietako zuzendaritzek oniritzia eman eta gero. Zenbait atal jasotzen ditu akordioak; hoona hemen batzuk:
Ingurumena. Fracking zundaketak egiteko baimen berriak mugatzea. Berrogei urte dituzten zentral nuklearrak progresiboki ixtea.
Enplegua. Bi kontratu mota leudeke, prestakuntza eta errelebo kontratuez gain: aldi baterako "kontratu egonkor eta progresiboa" eta mugagabea. Hirugarren urtetik aurrera bihurtuko litzateke aldi baterako kontratua finko.
Abortua. Haurdunaldia eteteko epekako lege bat ezartzea adostu dute. Hala ere, PSOEk bere esku uzten du 16 eta 17 urtekoentzat Abortu Legearen erreforma bat sustatzea.
Hauteskunde sistema. Sakoneko aldaketa batek konstituzioa aldatzea eskatzen badu ere, zenbait aldaketa hitzartu dituzte: besteak beste, "proportzionaltasuna hobetzea".
Konstituzio erreforma. Hilabeteko epean, azpibatzorde bat osatuko litzateke Espainiako Kongresuan. Sei hilabeteko lanaren ondorioz, erreformaren "perimetroari" buruzko akordioa aurkeztuko luke.
Erreferenduma. "Espainiako edozein lurraldetan autodeterminazioa sustatzeko helburuarekin deitutako erreferendum ororen aurka agertzea".
PSOEko 90 diputatuei Ciudadanoseko 40ak batuko zaizkie horrela. 130 horiek, ordea, urrun izango dute gehiengo osoa, eta lanak izango dituzte gehiengo soila ere izateko, kontrako botoa iragarri baitute PPk eta Podemosek. Bi alderdietako bat abstenitu egin beharko litzateke gutxienez, Sanchezek inbestiduran aukerak izateko.
Sanchezen alderdiak lauko negoziaketa mahai bat ere bazuen osatuta Podemos, Iu eta Compromisekin. Iñigo Errejon Podemoseko bozeramaileak jakinarazi du beraiek altxatu egin direla mahai horretatik. Iragarrita zuten bezala, PSOEk Ciudadanosekin akordioa egiten bazuen beraiekin gauza bera egitea ezinezkoa dela berretsi du horrela. Bat edo beste aukeratzeko esan zioten Sanchezi, eta hark Alvert Riveraren alderdia aukeratu du.