Independentismoaren fasetik independentziaren fasera pasatu nahi dute Herrialde Katalanetan. Burujabetza lortzeko aukera benetakoa dela uste dute milaka katalanek, eta helburua gizartearen gehiengoaren presioari esker lortuko dela sinetsita, ANC Biltzar Nazional Katalana sortu dute Bartzelonan: independentziara bidean gizartearen, alderdi politikoen eta erakundeen akuilu izango den erakunde politiko, zibil, demokratiko eta zeharkakoa. Erakundearen bide orriak 2014rako ezarri du burujabetzarako behin betiko erreferenduma eta estatuaren aldarrikapena.
«Independentzia ez da amaiera, hasiera baizik», adierazi zuen atzo Sergi Lopez aktoreak erakundearen sorrerarako Palau Sant Jordin bildutako 7.000 lagunen aurrean. Ekitaldiaren gidariak nabarmendu zuen «gutxi» geratzen dela estatu propioa lortzeko, eta ANCk hain justu estatu propiora erakarri nahi duela gizartea. «Herrialde Katalan askeak eta independenteak nahi ditugu!», oihuarekin bukatu zuten eguerdian lau orduko ekitaldia.
ANCk salatu du Espainia «etengabe» ari dela Katalunia asimilatzeko lanean, eta Madrilek Katalunia nazio bezala ez onartzea onartezintzat jo du. Viceko alkate eta Independentziaren aldeko Udalerrien Elkarteko presidente Josep Maria Vila d'Albak duela bi urteko uztailaren 10eko manifestazio jendetsua gogoratu du ekitaldian, eta «orain tokatzen dena» independentzia dela defendatu du.
Erreakzioak
ANCren sorrerak erreakzio ugari sortu ditu Katalunian, batzuk alde eta besteak kontra. Oriol Pujol CDCko idazkari nagusiordeak gogoratu du Artur Mas Kataluniako presidenteak eta Jordi Pujol presidente ohiak independentziari buruzko galdeketetan parte hartu zutela iaz. PSCko idazkari nagusi Pere Navarrok, berriz,ANCtik aldendu du bere alderdia, «sozialista katalanen helburua Katalunia Espainia federal batean kokatzea delako». Baina badira bestelako ahotsak ere sozialisten artean. Ernest Maragall Generalitateko kontseilari ohi eta PSCren parlamentariak «erabateko errespetua» adierazi dio mugimendu independentistari. Bertatik sortzen den oro «tentu handiz» jarraituko duela iragarri du, «barneko mugak gainditzeko eta gehiengoak sortzeko beharrezkoa delako elkarrizketa». Alderdiko ildo kritikokoa da Maragall; ez dator bat egungo PSCren zuzendaritzarekin.
ANCren kontra argien hitz egin duena PP izan da. Mugimendu independentista «minoritarioa» dela esan du Enric Millo PPC alderdi popularreko ordezkariak: «Ez du, inolaz ere, sentimendu orokorra islatzen, katalan bezain espainiar sentitzen den gehiengoarena». Momentu honetan, mugimendu independentistaren jarduerak baino «lehentasun garrantzitsuagoak» daudela uste du Millok.
Bide orria
Arenys de Munten erein zen, neurri handi batean, ANCren sorrera. Kataluniako independentziari buruzko galdeketa egin zuten herri horretan 2009ko irailaren 13an. Galdeketa mugarria izan zen, eta 500dik gora gehiago egin zituzten ostean lurralde osoan. Arenys de Munteko erreferendumaren harira, gainera, bi talde sortu ziren, orain ANC osatu dutenak: Independentziaren Kontsultarako Koordinakunde Nazionala batetik, eta MxI Independentziaren Aldeko Mugimendua bestetik.
Aipatutako galdeketak sustatu eta koordinatu zituen lehenak, eta Kataluniaren independentziarako bide orria idatzi zuen bigarrenak. Norbere Estaturako I. Bilera Nazionala antolatu zuen MxIk iazko apirilaren 30ean, eta bertan bide orria onartu eta ANCren sorrera lanetan hastea erabaki zuten.
Behin erakundea sortuta, lan taldea zabaltzea eta bide orria martxan jartzea ditu orain helburu ANCk. Momentuz 3.000 kide inguru ditu erakundeak, eta 270 inguru lekuko biltzar Andorran, Katalunian eta Rossellon. Bide orriari dagokionean,berriz, 2014an jarri dute helmuga.
Urte horretan bete beharreko galdekta bat egin nahi dute. ANCren lana, hain zuzen, ordurako gizartean independentziaren aldeko gehiengo zabala bermatzea izango da. Horregatik, hainbat pauso emango dituzte bidean. Datorren ekainetik irailaren 11ra bitartean Independentziaren aldeko martxa egingo dute lurralde osoan zehar; datorren irailaren 11n, Diadan —Kataluniako Aberri Egunean—, manifestazioa deitu dute Bartzelonan Katalunia, Europako estatu berria lelopean; eta 2014an independentziari buruzko erreferendumak egingo dituzte lurraldeko ahalik eta udalerri gehienetan, denak egun berean. ANCren arabera, presio sozial handi horrek, Kataluniako Estatuaren aldarrikapena bultzatuko luke. Dena dela, bide orria bestelako baldintzen arabera aldatzen edo moldatzen joan daitekeela aitortu dute erakunde independentistako kideek.
ANCko kide eta Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitateko zientzia politikoen irakasle Ferran Requejok esan duenez, «ez dakigu non bukatuko den mugimendu sozial hau, baina badakigu independentziarako bide zuzena aldarrikatuko duela».
Momentuz, ANCko eskubide osoko 3.000 kideek erakunde berriaren estatutuak, barne araudia eta independentziarako bide orria onartu dituzte. Gainrea, aho batez onartu dute ANC bozetara aurkezteko debekua. Alderdi politikoekiko duten independentzia nabarmendu nahi izan dute horrela, eta akzio politikoaren eta alderdikeriaren arteko bereizketa argia egin. Hala ere, hainbat alderdi politikoren ordezkariak izan dira ekitaldian: CIUkoak, ERCkoak, ICVkoak, SIkoak, CUPekoak eta Reagrupamentekoak. Omnium Culturaleko zuzendari Muriel Casals, CIEMEN gutxiengo etniko eta nazioen nazioarteko zentroko zuzendari Aureli Argemi eta Kataluniako UGTko idazkari nagusi Josep Maria Alvarez ere bertan izan dira. Beste nazio batzuetako ordezkariak ere izan dira Bartzelonan, tartean Euskal Herrikoak: Niko Moreno eta Larraitzu Ugarte ezker abertzaletik, Lorena Lopez de la Calle EAtik, Floren Aoiz Independentistak saretik, besteak beste.
Herrialde Katalanak. Mugimendu independentista
Independentziaren akuilua
ANC Biltzar Nazional Katalana sortu dute milaka independentistak Bartzelonan, gizarte mugimendu zeharkakoa eta zibila2014an bete beharreko erreferenduma egitea espero du herri mugimenduak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu