KATALUNIAKO PROZESU SUBIRANISTA

Independentziaren aldeko zerrendek gehiengo osoa lukete irailaren 27ko bozetan

El Mundo-ren inkestaren arabera, 70-74 eserleku eskuratuko dituzte Junts Pel Sik eta CUPek. Ostiralean zabaldutako datuen arabera, 360.000 herritarrek eman dute izena Diadarako antolatu duten mobilizazioan. Hilaren 11ra bitartean beste 125.000 lagun bildu nahi ditu ANCk Meridiana betetzeko.

Junts Pel Si zerrendako kideen ekitaldia Mollet del Vallesen. QUIQUE GARCIA / EFE
jon olano
2015eko irailaren 7a
07:59
Entzun

Gero eta egun gutxiago falta dira Katalunian Diada ospatzeko, eta, aurten, egun nazionala irailaren 27ko hauteskunde kanpainaren abiapuntu ere izango da. Bartzelonako Meridianan mobilizazio jendetsua egingo dute egun horretan, ANC Kataluniako Biltzar Nazionalak eta Omnium Culturalek antolatuta.

Plazaratutako azken datuen arabera, 360.000 herritar inguruk eman dute izena mobilizazio horretarako, eta ostiraleko Diadara bitartean beste 125.000 batzea da antolatzaileen helburua.

Bozei begira, independentistek gehiengoa lortuko dutela iragarri zuen atzo El Periódico egunkariak inkesta batean, eta joera bera erakutsi du gaur El Mundo egunkariak argitaratutakoak. Horren arabera, Junts Pel Si eta CUP zerrenda independentistek 70 eta 74 eserleku lortuko dituzte Kataluniako Parlamentuan —68 ordezkaritan dago gehiengo osoa—; 62-65 aurrenekoak eta 8-9 bigarrenak.

Hauteskundeei plebiszitu izaera eman die Artur Mas Kataluniako Gobernuko presidenteak, eta izaera hori aitortu dute inkesta horretan galdetutakoen %50,4k.

Kataluniaren "berezitasuna"

Unionismoaren aldetik, Kataluniarentzat zer proposamen egin ere eztabaidagai da. Felipe Gonzalez Espainiako Gobernuko presidente ohiak proposatu zuen nazio gisa aitortzea Katalunia. Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak baztertu egin du aukera hori, baina, horren ordez, Espainiako konstituzioan Kataluniaren "berezitasuna" aitortzearen alde agertu da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.