Gurean gaueko hamarrak zirenean, atzo, zabaldu zituzten bozkalekuak Kaledonia Berrian. Frantziatik banandu eta independentzia eskuratu nahi duten erabaki behar zuten bertako herritarrek.
Botoen %97 zenbatuta, independentziaren aurka daudenek irabazi dute galdeketa %57,2 eskuratuta -independentziaren alde bozkatu dute %42,7k-. Parte hartzea, berriz, %79,9koa izan da.
Iragarritakoa baino alde txikiagoarekin irabazi du ezezkoak erreferenduma, eta ziurrenik hori kezka iturri izango da hurrengo urteetan Frantziako Gobernua zuzentzen dutenetzat. Ordea, gaur gaurkoz, poza da nagusi Parisen.
Eguerdian egin du agerraldia Emmanuel Macron presidenteak eta txalotu egin du Frantziaren menpe jarraitzearen alde egin dutenen ahalegina. Estatuburuak ohartarazi du inor "gutxiestearen arriskuez". Independentisten jarrera ere kritikatu du adieraziz estatuak "askatasuna eta berdintasuna bermatu" izan dituela uneoro: "Balio horiek partekatu genitzake, desberdintasunak gaindituz".
Hirutik lehena
Duela hogei urte sinatu zuten Noumeko Akordioaren arabera, hiru erreferendum egiteko aukera lukete Kaledonia Berrian. Beraz, gaurkoak motorrak berotzeko balio dezake.
Zenbait iturriren arabera, liskarrak izan dira hiriburuko hainbat puntutan. Segurtasun indarrek zabaldu dutenez, hainbat ibilgailu harrikatu eta erre dituzte manifestari taldeek.