Solidaritat alderdiak aurkeztutako lege proposamena tramiterako onartuta, independentziarako bidean beste urrats bat egin dute Katalunian. Parlamentuko Mahaiak argi berdea eman dio oraingoz balio sinbolikoa baino ez duen ekimenari. Jordi Laportaren alderdiak, hala ere, historikotzat jo du alde bakarreko independentzia aldarrikatzeko aukera jasotzen duen proposamenak aurrera egin izana. Uriel Bertran bozeramaileak adierazi du alderdiak dituen lau diputatuei esker egindako pausoa dela: «Kataluniako Parlamentuan independentziaren inguruko eztabaida egingo da aurreneko aldiz historian». Mahaiko kideei lege proposamena onar zezaten 5.000 mezu elektroniko bidali izana eskertu die herritarrei Bertranek.
CiU Convergencia i Unioko ordezkarien babesari esker onartu dute tramiterako lege proposamena. Lluis Coromines Parlamentuko Mahaiko presidenteordeak sostengu horren arrazoiak azaldu ditu, ekimenak, legez, baldintza guztiak betetzen dituela zehaztuta. Haren ustetan, erakunde horri ez dagokio proposamenaren edukia aztertzea; «Parlamentuak du horretarako erabateko subiranotasuna».
PSC eta PP alderdiek, berriz, kontra egin dute, proposamena legez kanpokoa dela argudiatuta. Konstituzioaren eta Estatutuaren kontrako ekimena dela esan dute sozialistek.
Solidaritatek aurreko astean erregistratu zuen lege proposamena Parlamentuko Mahaian. Ekimenari lege izaera eman edo ez erabakiko dute ondoren diputatuek. Eztabaida egiterako, baina, bi hilabete pasatuko dira, eta hainbat informazio iturrik aurreikusi dutenez, hiriburuan apirilaren 10ean egitekoa den autodeterminazio erreferendumaren aste berean egingo da saioa. Kataluniako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean proposamena argitaratu ostean, emendakinak aurkezteko epea zehaztu beharko du Bozeramaileen Batzarrak. Ondoren, saioaren eguna finkatuko dute, eta lehen eztabaida horretan, proposamena lege izango den edo ez bozkatuko dute diputatuek. Kataluniako gobernu autonomoari nazioarteko komunitatearekin independentzia negoziatzeko eskumena emango lioke legeak. Parlamentuak, berriz, autodeterminazioa aldarrikatzeko aukera izango luke galdeketa egin gabe, baldin eta gehiengo osoz onartutako aldarrikapena izango balitz.
Convergenciaren jokoa
Independentistentzat «gehiengoaren borondatea» aintzat hartu da ekimena tramiterako onartuta. Toni Strubell Solidaritateko diputatuaren hitzetan, herritarren aspaldiko aldarrikapena, «autodeterminazio eskubidea», bideratuta dago orain: «Hau ez da independentziarako legea, helburu horretara gerturatzeko aukera zabaltzen duen atea da».
Bidea, baina, ez da azkarra eta samurra izango. CiUk jarrera anbiguoa azaldu baitu azken egunotan; lege proposamena tramiterako onartu badu ere, bozketan ezezkoaren alde egingo duela aurreratu du. Jordi Turull Parlamentuko eledunak zehaztu du ez dutela ekimena legea bilakatzeko prozesua babestuko. Oriol Pujol alderdiko presidenteak, berriz, autodeterminaziorako galdeketan baiezkoaren alde egingo duela iragarri du. Bartzelonako erreferenduma egin ahal izateko laguntza ere eman du CiUk.
Independentziari buruzko ekimena eztabaidatuko du Kataluniako Parlamentuak
Solidaritat alderdiaren lege proposamena babestu du CiUk; PSCk eta PPk, aldiz, kontra bozkatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu