Indiako Sikkim eskualdean sortutako lurrikara batek 50 hildakotik gora utzi ditu

Indian, Nepalen eta Tibeten izan dira hildakoak; erreskate lanak zaildu egin dira euria eta lainoagatik

2011ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Richter eskalan 6,9 graduko lurrikara batek 50 hildako baino gehiago eragin ditu India, Nepal eta Tibeten. Sikkim eskualdean izan du epizentroa, Indian, baina handik ehunka kilometrora ere sentitu dute dardara. Gutxienez 34 lagun hil dira Indian, horietatik 22 Sikkimen.

Eguraldia erreskate lanak zailtzen ari da; behe laino trinkoa dago, eta azken lau egunetan euria ari du gelditu ere egin gabe. Indiako armadako helikopteroek ezin izan dute aireratu, eta sorospen taldeak blokeaturik geratu dira Sikkimerako errepidean. Izan ere, eremu menditsua da Sikkim, eta hara iristeko bideak urriak dira. Luiziek zubiak suntsitu dituzte, eta eskualdera doan errepide nagusia itxita geratu da. Gainera, lurrikararen ondorioz, ez dute urik, ezta argindarrikere. Ehunka lagunek, berriz, kanpoan pasatu behar izan dute gaua, etxerik gabe geratu direlako.

Nepalen ere ondorio larriak izan ditu lurrikarak, ekialdean batez ere, epizentrotik gertuen dagoen eremuan. Gutxienez 153 etxebizitza txikituta geratu dira bertan, eta 24 lagun inguru larri zauritu dira. Hiriburuan, berriz, Katmandun, Erresuma Batuaren enbaxadako pareta bat erori da, eta hiru lagun hil dira azpian harrapatuta. Guztira zazpi lagun hil dira Nepalen. Txinan, bestalde, gutxienez zazpi lagun hil dira Tibet hegoaldean.

Manmohan Singh Indiako lehen ministroak familia bakoitzeko 3.000 euro inguru agindu dizkie hildakoen senitartekoei. NBE Nazio Batuen Erakundeak adierazi duenez, berriz, «hildakoen kopurua baxua izan arren, etxerik eta janaririk gabe geratu diren zibilek giza laguntza handia beharko dute». Egoera «txarra» dela aitortu du NBEk, eta datozen egunetan hildakoen eta zaurituen kopuruak gora egingo duela adierazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.