Gaur abiatuko da Kolonbiako indigenek beren eskubideak aldarrikatzeko antolatu duten martxa. Zenbait erakunde indigenak deituta, Herrialde indigenen martxa, bizitza, alaitasuna, askatasuna, justizia eta autonomiaren alde izena darama ibilaldi honek. Atzo abiatzekoa zen arren, gaur hasiko dute martxa 30.000 indigena inguruk, eta hilaren 18ra arte beren aldarrikapenak oinez eramateko asmoa dute.
Cauca departamentuko Santander de Quilichao hiritik hasiko dute martxa, eta Errepide Panamerikarra Ðherrialdea hegotik iparrera zeharkatzen duenaÐ erabiliko dute Calira iristeko. Denera 100 kilometro inguru egingo dituzte indigenek. Beren aldarrikapenak hiru puntu nagusitan banatzen dituzte: lehenengoan, Kolonbiako gatazka armatua konpontzeko eskatzen dute, egia, errespetua eta justizian oinarrituz; bigarrenean, indigenen eskubideak onartzen dituen 1991ko konstituzioan egin nahi dituen aldaketak atzera botatzeko eskatzen diote Gobernuari; eta hirugarrenean, bizitza ospatzeko martxan abiatuko direla diote, eta dei egiten diote Kolonbia eta munduko herritarrei beraiek ere abia daitezela bakea eraikitzera mundua. Indigenen bizitza proiektuaren etsaia heriotza dela diote, konkistarekin batera heldu zena beren lurretara, eta egun globalizazio eta neo-liberalismoaren itxura hartzen duena.Indigenek martxara deitzen duten komunikatuan zera diote: «Kontzientzien batasunak armen indarra gainditzearen baldintzapean dago bizitzak heriotza garaitzea». «Botereak dakarren amesgaiztoa gainditzeko modu bakarra, bizitzaren alde jendearen kontzientziak hezi, heldu eta askatzea da». Kolonbiako indigenen martxa «indarkeriaren edozein adierazpenen aurka» dago «datorren lekutik datorrela». Izan ere, indigenek salatzen dute gatazka armatuaren bi aldeen artean harrapatuta daudela, eta sarri pairatzen dituztela indarkeriaren ondorioak. Kolonbiako Gobernua AEB Ameriketako Estatu Batuetakoarekin negoziatzen ari den Merkataritza Askeko Tratatuaren kontra ere oihu eginen dute indigenek, honek beren lurralde eta eskubideak «arrisku larrian» jartzen baititu. Iragan ostiralean, Alvaro Uribe presidentea antolatzaileekin bildu zen, eta gogor salatu zuen martxa, «helburu politikoak» dituela argudiatuz, eta talde armatuek bertan esku har dezaketela nabarmenduz. Antolatzaileek, ostera, martxaren izaera bakezalea nabarmendu zuten, eta Goardia Indigenako 7.000 kidek martxaren segurtasuna zainduko zutela iragarri zuten. Goardiak makil batez armaturik joango dira, eta beren helburua izango da paramilitarrei parte hartzea eragoztea. Lehen aldiz, komunikabide indigenek martxaren informazioa eman ahal izango dute. Radio Payumateko Diego Daguak zera dio: «Hedabideek gure esanak itxuraldatzen dituztenez, gerorrek zabalduko dugu geure egia».
KOLONBIA
Indigenek ibilaldia hasiko dute gaur, beren eskubideak aldarrikatzeko
Gatazka armatua eta Bogotako gobernuaren politika neoliberala salatuko dute ekimenaren bidez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu