Indonesiako Sumatra uharteko itsasertzean, kostaldetik 150 kilometro mendebaldera dauden bi uhartetan izan da hondamendia. Pagai Utara eta Pagai Selatan irletan ehun hildako eragin ditutsunami batek. Beste 500 lagun, baina, desagertuta daude, horietako batzuk itsasikararen beldur muinoetan babestu direla uste bada ere. Mentawai artxipelagoko bi uharte horietan, txikizioa egin du tsunamiak; hamar herrixka inguru erabat hondatuta gelditu baitira. Pagai Selatango Betu Monga herrixkako eraikin gehienak suntsitu direla jakinarazi du Arrantza Ministerioak. Hardimansyah eledunaren arabera, herrian bizi ziren 200 lagunetatik 40 baino ez dituzte bizirik aurkitu, eta desagertuta dauden asko eta asko emakumeak eta haurrak dira. «Seme-alabei ezin izan dietela besoetan eutsi kontatu digute; herritar ugari negarrez ari da».
Euri jasak eta haize bortitzak direla-eta erreskate taldeen lana zailtzen ari dela jakinarazi du Poliziak. Kepuhargo herrixkan, 372 lagun aterarazi dituzte euren etxeetatik; alkateak zehaztu duenez, ahulen dauden lagunak eraman dituzte.
Astelehenean izandako lurrikarak sortu du itsasikara. Richter eskalan 7,7 graduko indarra izan zuen seismoak, eta, tsunami alerta ezarri bazuten ere, azkar kendu zuten arriskurik ez zegoela ondorioztatuta. Ozeano Bareko Tsunamien Alertarako Zentroak berehala ezarri zuen alerta, baina bi ordura kendu zuen, epe horretan tsunamirik izan ez bazen jada ez zela izango iritzita. Orduan zabaldutako oharrak tsunami «nabarmen» baten berri ematen zuen, baina itsasoa harrotu ez zela aintzat hartuta, «arriskua murriztu edo desagertu» zela. Zentroko adituen arabera, aurreikusita zegoen lurrikara gertatu eta bi ordura irits zitekeela tsunami bat itsasbazterrera, baina, tarte hori igarota, arriskurik ez zela egongo uste zuten. Ozeano Bareko Tsunamien Alertarako Zentroak tokian tokiko agintariei neurriak hartzea komeni zen aztertzeko deia egin zieten. Indonesiako agintariek, baina, ordubetez baino ez zuten izan indarrean alerta.
Bi euskal surflariak, onik
Mentawai artxipelagoan 70 uharte daude, eta surfak lagun ugari erakartzen ditu. Bi euskal herritar zeuden han, ontzi batean, tsunamia gertatu zenean, baina onik atera direla jakinarazi dute. Honako hau ez da, ordea, aurrenekoa tsunamia Indonesian. Sumatran, 1.100 lagun hil ziren iazko urrian itsasikara baten eraginez. Makurrena, baina, duela sei urtekoa izan zen. Aceh eskualdean epizentroa izan zuen tsunami batek, eta milioi bat laguni ekarri zien hondamena hamahiru estatutan. Artxipelagoa plaka tektoniko baten gainean dago, eta urtean 7.000 mugimendu sismiko izan ohi da.
Indonesian zenbat uharte dauden jakiterik ez dago; sumendiak, berriz, zenbatuta daude. Orotara, 400 sumendi baino gehiago daude, eta horietatik 129 aktibo daude. Merapi sumendia izan da azkenekoa pizten. Javako sumendi horrek asteburuan ekin zion egunean 500 leherketa eta 200 laba erupzio izateari. Agintariek hamar kilometroko erradio batean bizi diren lagunak aterarazi dituzte etxeetatik -40.000 inguru-, baina, hala ere, hamasei lagun hil dira, eta beste hamahiru zauritu.
Indonesiako bi irlatan ehun hildako eta 500 desagertu eragin ditu tsunami batek
Pagai Utara eta Pagai Selatan uharteetako herrixkak hondatu ditu gehienbat; lurrikara batek eragin du olatua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu