Indonesian 80 hildako eragin ditu, gutxienez, tsunami batek

Komunikazio hobeak eta informazioak biktima kopurua murriztu dutela esan dute agintariek

ERREDAKZIOA
2006ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Indonesian atzo gutxienez 80 lagun hil ziren tsunami baten ondorioz. Hamarnaka dira zauritu eta desagertutako pertsonak. Javako uharteko eremu kaltetuenak Ciamis -38 hildako- eta Cialacap-34 hildako- izan dira. Susilo Bambang Yudhoyono Indonesiako presidenteak esan zuenez larrialdietarako salbamendu taldeak desagertuen bila hasi dira dagoeneko.

Tsunamia ur azpiko seismo baten ondorioz gertatu da. Richterren eskalan 7,2 gradukoa izan da seismoa. Indonesian Java uhartearen hego ekialdean, Pangadaran herri turistikotik gertu gertatu da lurrikara. Bi eta bost metro arteko olatuak, Java hego mendebaldeko hondartzetara amildu ziren, ur azpiko lurrikara gertatu eta 10-15 minutura. Lurrikararen epizentroa Java hegoaldeko kostatik 200 kilometrora izan zen.

Agintari eta adituen arabera hildakoen kopuruak gora egingo du, salbamendu lanak aurrera egiten duten heinean. «Biktima kopuruak gora egingo du ziur», adierazi zuen atzo Rudi Supriatna Bahro, Mendebaldeko Javako diputatuak. Cilacapeko kosta argindarrik gabe gelditu da arazo elektrikoen ondorioz eta salbamendu lanak ilunpetan egiten ari dira.

«Herritarrak ebakuatzea eta zaurituak zaintzea dira orain gure lehentasunak», esan zuen atzoIndonesiako presidenteak. Tsunamia eragin zuen seismoa bertako 15:19tan gertatu zen, Amerikako Estatu Batuetako Earthquake Hazard Program agentziak adierazi zuenez. Hori jakin eta berehala, Pazifikoko Tsunamien Larrialdietarako Zentroak (AEB) abisua eman zuen. Eskualdea izutu egin zen berria entzun zuenean, milaka pertsonek haien etxeetatik kanpo igaro zuten gaua. 10.000 lagun mendira igo zirela adierazi zuen lekuko batek irrati programa batean.

Java mendebaldeko diputatuak atzoko tsunamia 2004an Sumatra iparraldean gertatutakoarekin alderatu zuen. Tsunami honek Indian 170.000 hildako eragin zituen, eta beste 130.000 Indonesian. Hala ere, Agus Surkano, Java mendebaldeko gobernuko ordezkariak egoera ez dela berdina adierazi du. Izan ere, Surkanoren iritziz, egun kontaktuan egotea errazagoa da eta herritarrak 2004an baino askoz ere informazio gehiago daukate. «Egun tsunamiaz gehiago dakite eta badakite zer neurri hartu behar diren», adierazi zuen.

Askotan gertatzen dira lurrikarak Indonesian, Ozeano Bareko gune sismikoan dagoelako. Iragan maiatzaren 27an, ildo horretan, 6,3 graduko lurrikara bat gertatu zen uhartean, Yogyakarta hiritik gertu eta 5.800 pertsona baino gehiago hil zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.