Indonesian gutxienez 58 lagun hil dira itota, urtegi bat lehertu ondoren

Urtegiaren egoera txarra eta azken hilabeteetako euriteak dira leherketaren hipotesi nagusiak

2009ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Gutxienez 58 lagun itota hil dira Indonesian, Jakarta hiriburutik gertu dagoen urtegi bat lehertu ondoren. Larrialdi zerbitzuen arabera, azken hilabeteetan eurite handiak izan direlako, eta urtegiaren egoera txarra delako lehertu da. Tangerangeko urtegia 1933an eraiki zuten, eta bi milioi metro kubiko ur jasotzen zituen. «Urtegia zaharra da. Eurite zakarrak izan dira, eta ezin izan dio ur guztiari eutsi, eta horregatik hautsi da», azaldu du Ratu Atut Banten eskualdeko gobernadoreak.

Larrialdi zerbitzuetako langileak desagertutako pertsonen bila dabiltza. Ehunka izan daitezkeela uste dute. Kaltetutakoen kopurua oraindik ere handiagoa da, 5.000 inguru. Nazio Batuen Erakundeko Giza alorreko Koordinazioak emandako datuen arabera, hildakoen %60 haurrak eta emakumeak dira. «Hildako gehienak urtegitik urrun bizi ziren; gertu bizi zirenek sirena entzun eta urtegia lehertu baino lehen ihes egitea lortu zuten», azaldu du Ignacio Leon NBEko Giza alorreko Koordinaziokozuzendariak. Zauritutako pertsonak ospitaleetara eraman dituzte. Beste ehunka lagun, berriz, euren etxeetatik atera eta unibertsitate batera eraman dituzte.

Urtegia hautsi eta presioaren eraginez sortutako lau metroko olatuak 400 etxe urpean utzi ditu gutxienez. Horrez gain, enpresa ugari, bost azpiestazio elektriko eta ikastetxe bat ere gelditu dira ur azpian.

Salbamendu lan zailak

Uholdeak sortutako zabor pilaketek eta lokatzak salbamendu lanak zaildu eta moteldu dituzte. Dena den, Nazio Batuen Erakundeko Garapenerako Programak adierazi duenez, kalteak gertatu diren tokietan ez da nazioarteko laguntzarik behar, «larrialdi egoera kontrolatuta dagoelako».

Susilo Bambang Yudhoyono Indonesiako presidenteak Java irlara (Indonesia) egin behar zuen bisita bertan behera utzi du, uholdeak utzitako kalteak ikusteko asmoz. Heldu den apirilaren 9an izango diren Parlamentuko hauteskundeen harira kanpaina egitera joatekoa zen Yudhoyono Javara.

Jusuf Kalla Indonesiako presidenteordeak, bestalde, Gobernuak urtegia berehala konponduko duela agindu du, eta uholdeak eragindako hondamendia konpontzeko laguntzak bideratzeko asmoa azaldu du.

Banteneko gobernadoreak jakinarazi duenez, kaltetutako familia bakoitzak 300 eta 2.000 euro bitarteko kalte-ordainak jasoko ditu. Hildako familiei ere kalteak ordainduko dizkietela adierazi du Atutek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.