MunDUA

Ingalaterran, Irlanda iparraldean, Galesen, Eskozian eta Herbehereetan gaur ari dira egiten Europako Legebiltzarrerako bozak

Ekonomia krisia dela-eta abstentzioa handia izango dela diote aurreikuspenek. Denera 375 milioi herritarrek dute botoa emateko eskubidea. Euskal Herrian igandean izango dira hauteskundeak.

2009ko ekainaren 4a
17:53
Entzun
Europa ez da ikusten; burokratikoegia da, ulertezina. Hori da Europako Parlamenturako bozen atarian herritarren artean nagusi den sentimendua. Haiei eragiten dien legediaren bi herenak, ordea, Europako Batasunean onartzen dira; herritarrek Brusela urrutiegi ikusiagatik ere, estatuek haren esku utzi dituzte eskumen gehienak. Adituek politikariei egozten diete errua. Horien iritziz, EBren garrantzia herritarrei azaltzeko aski ahalegin egin ez dutelako nagusitu dira euroeszeptikoak. Parlamenturako hauteskundeetan boto-emaileen parte-hartzeak izan duen beheranzko joerari erreparatu besterik ez dago. Lehen aldiz Legebiltzarra zuzeneko sufragioz aukeratu zutenetik -1979an izan zen hori-, abstentzioak nabarmen egin du gora. Aurten, dena dela, 2004ko parte-hartzea izango dela diote inkestek. Behera behintzat ez du egingo, hortaz.

27 estatutako hautagaiak lehiatuko dira gaur hasi eta igandean amaituko diren hauteskundeetan, 375 milioi herritarrek dute botoa emateko eskubidea, eta haiek egindako hautuaren arabera banatuko dira Parlamentuko 736 eserlekuak.

Ingalaterran, Irlanda iparraldean, Galesen, Eskozian eta Herbehereetan gaur ari dira egiten Europako Legebiltzarrerako bozak. Euskal Herrian igandean izango dira hauteskundeak.

“Herritarrek botoa eman dezaten, eskura dugun guztia egin behar dugu. Izan ere, Europako Batasunaren alde daudenek egiten ez badute, muturrekoak indartsu bihurtuko dira eskuinean eta ezkerrean”, ohartarazi zuen orain gutxi Hans Gert Pottering Parlamentuko presidenteak. “Ez dut EB suntsitu nahi duten horiek batasunaren etorkizunean zeresan handia izatea nahi”. Ekonomia krisiak, besteak beste, haizea eman diete muturreko joerei, eta orain arte ordezkaririk izan ez duten taldeek, ondorioz, Parlamentuan tokia egingo dute.

Eskuinak indar hegemoniko izaten segituko du, dena dela. Hala dio Burson-Marsteller aholkularitza taldeak. Azken asteetan botoen esku aldatzeak izan direla ohartarazi du talde horrek berak, ordea; bereziki, berdeen, liberalen, soberanisten eta independenteen alde izan da aldaketa. Eta horrek hiru talde politiko nagusiak mehatxatzen ditu: Europako Alderdi Popularra, Alderdi Sozialista eta Alderdi Liberal Demokrata Erreformista.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.